175 bat kirolarik parte hartuko dute Aizarnazabalgo duatloi luzean

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko apirilaren 20a

Gipuzkoako eta Euskadiko duatloi luzeko txapelketa izango da larunbateko proba. 13:30erako itxiko dute herrigunea, eta industrialdean utzi beharko da autoa.Aizarnazabalgo duatloi luzea jokatuko dute larunbatean. Bukatu da izena emateko epea, eta 175 la...

Gipuzkoako eta Euskadiko duatloi luzeko txapelketa izango da larunbateko proba. 13:30erako itxiko dute herrigunea, eta industrialdean utzi beharko da autoa.

Aizarnazabalgo duatloi luzea jokatuko dute larunbatean. Bukatu da izena emateko epea, eta 175 lagun inguruk parte hartuko dute. Proba hori, gainera, Gipuzkoako eta Euskadiko duatloi luzeko txapelketa izango da, beraz, asko dute jokoan kirolariek. 14:00etan hasiko da emakumeen proba, eta 14:20an gizonena.

Ibilbideari dagokionez, 14 kilometro egingo dituzte lasterka, 72 bizikletan eta beste 7 kilometro korrika. Herrigunean izango da irteera, eta Zestoako bainuetxeraino joango dira handik, korrika. Zestoatik, berriro, Aizarnazabalera itzuliko dira, eta Atarisoro pilotalekuan izango dituzte boxeak.

Behin bizikleta hartuta, hiru itzuli egin beharko dituzte. Lehen bietan zirkuitu hau egingo dute: Aizarnazabal, Iraeta, Zumaia, Getaria, Zarautz, Meaga eta Aizarnazabal. Hirugarrengoan, herritik Iraetara joango dira, eta handik Zumaiara iristean, Oikiatik itzuliko dira Aizarnazabalera. Bizikleta utziko dute, eta Iraetara joan-etorria egingo dute lasterka. Baltasar Etxabe kalean jarriko dute helmuga.

Hiru orduko lana

Iñaki Gabarain antolatzaileak azaldu duenez, lehen sailkatuak hiru ordu inguru beharko ditu ibilbidea egiteko, eta bost orduren bueltan ibiliko dira azkenak.

13:30erako itxi egingo dute Aizarnazabalgo herria, eta beheko industrialdean utzi beharko dituzte autoak ikusleek. 19:30ak arte izango dute itxita herrigunea. Horrez gain, errepidean, lasterketaren noranzkoko erraila itxiko dute. 80 bat lagun ibiliko dira boluntario lanetan. Gabarainen arabera, 70 inguru herrikoak dira, eta Zumaia, Zarautz, Getaria eta Zestoako jendea ere izango dute laguntzeko. Eskerrak eman dizkie haiei guztiei.

Lehiaketan herriko kirolaririk ez da izango, baina maila oneko parte-hartzaileek dute izena emanda. Esate baterako, Ruben Rufaza espainiarra izango da Aizarnazabalen. Rufaza bi aldiz izan da munduko txapelduna lurreko triatloian. Duatloian ere sari ugari irabazitakoa da. Faboritoetako bat dela azaldu du Gabarainek. Manuel Pando espainiarra ere nabarmendu du hark.

Euskaldunei dagokienez, izen hauek aipatu ditu antolatzaileak: Beñat Arnaitz, Egoitz Zalakain, Gorka Bizkarra eta Beñat Sagarzazu. Eskualdera begira, Ander Zubizarreta azkoitiarra aipatu du Gabarainek.

Aizarnazabalgo kirol elkarteak eta Aizarnazabalgo Udalak antolatu dute proba, eta Gipuzkoako eta Euskadiko federazioek lagundu dute horretan. Bestalde, babesle ugari izan dituzte, herrikoak zein inguruko udalerrietakoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide