Euskadiko distantzia luzeko duatloi txapelketa jokatuko dute apirilaren 23an, Aizarnazabalen. Arrigorriagan (Bizkaia) jokatu ohi zen proba hori, baina duela bi urte utzi zioten lasterketa antolatzeari. Aurten, Aizarnazabalgo kirol elkarteak hartu du erreleboa, eta asteak daramatzate lasterketa prestatzen.
Izen-ematea datorren astelehenetik aurrera irekitzea aurreikusten dute antolatzaileek,
www.triatloi.org webgunearen bidez, "berandu jota otsaileko hirugarren astean", azaldu du Iñaki Gabarain elkarteko kideak. Lasterketan izena ematen dutenek 40 euro ordaindu beharko dituzte, martxoaren erditik aurrera inskribitzen direnek, 50.
Jubenil, 23 urtez azpiko, elite eta masterrentzat izango da lehiaketa, eta beharrezkoa da federazioan izena ematea parte hartzeko. Guztira 200 lagunentzat egongo da lekua Aizarnazabalgo duatloi txapelketan, eta muga betetzeko "esperantza" dute antolatzaileek.
Ibilbidea zehaztuta
Ibilbidearen ezaugarriak zehaztu dituzte jada. Denera 93 kilometroko lasterketa izango da. Aizarnazabalen hasi eta Zestoara joan-etorria egin beharko dute parte-hartzaileek, hamalau kilometro korrika. Behin bizikleta gainera igota, hiru buelta izango dituzte aurretik: bi luze eta motza bestea. Aizanazabal, Iraeta, Zumaia eta Zarautz zeharkatuko dituzte bitan, Meagatik itzultzeko herrira. Ibilbide motzean Beduaraino joango dira. Buelta guztietan herriguneraino igo beharko dute, denera 72 kilometroko ibilbidea izango da bizikletaz.
Txapelketa amaitzeko korrika egingo dute berriro, Iraetara joan-etorria oraingoan, zazpi kilometroko ibilbidea.
Bost lagun antolakuntzan
Bost lagun ari dira buru-belarri apirilaren 23ko lasterketa prestatzen. Halere, boluntarioak beharko dituzte lasterketa egunerako, eta parte hartu nahi dutenek Aizarnazabalgo kirol elkarteko ordezkariekin jar daitezke harremanetan.
Aurrerago emango dute kirol elkartekoek falta diren xehetasunen berri. Halere, aurreratu dute sariak egongo direla kirolarien artean banatzeko.