Apirila bitartean iraungo dute Lauburuko fatxada berritzeko lanek

Eneritz Albizu Lizaso 2016ko urtarrilaren 27a

Hezetasunarekin arazoak izan ditu Lauburuk ireki zutenetik. Proiektua pentsatu eta lanak egin zituzten enpresek 154.755 euroko kalte-ordaina ordaindu diote udalari.

Aizarnazabalgo Lauburu eraikineko etxaurrea berritzen ari dira, eta apirilaren erdian bukatuko dituzte lanak. Aizarnazabalgo Udalak jakinarazi duenez, urtarrilaren 11n hasi ziren obrekin, eraikinera "hezetasun handia" sartzen dela-eta. Beraz, fatxada berrituko dute eta ireki daitezkeen leihoak ere jarriko dituzte. Izan ere, Lauburun ez dago ireki daitekeen leihorik, eta hori ere "arazo bat" da, udalaren arabera. Hernaniko (Gipuzkoa) Cubiertas Pagola S.L. enpresak egingo ditu lanak, 155.242 euroren truke. Hiru enpresak aurkeztu zituzten aurrekontuak, eta haietako batek bete zituen beharrezko eskakizunak: "Aurrekontua guk eskatutakora egokitu zuten; eta, gainera, hobekuntzak proposatu zituen diru kopuruaren barruan", dio Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak. Patxi Gastaminza arkitektoak idatzi du fatxada berriaren proiektua, eta udalak espero du "arazo guztiak konpontzea" lan horiekin. Izan ere, Arregiren hitzetan, "oso zaharra" dirudi eraikinak, zazpi urte baditu ere. Honako faseak izango dituzte berritze-lanek: hasteko, harri guztiak kendu beharko dituzte, eta gero horma zarpiatuko dute, hau da, barruko pareta txukunduko dute. Ondoren, hezetasuna sar ez dadin landuko dituzte hormak, eta txapa berezi batekin estaliko dute. Azken fasean, landutako egurrekin moldatuko dituzte miradoreak, eta leihoak irekitzeko moduan jarriko dituzte.

2006. urtean hasita

Lauburuko lanak 2009ko otsailaren 26an bukatu zituen Elecnor S.A. enpresa espainiarrak; eta 1.527.620,33 euroko kostua izan zuen eraikinak. Enpresa horrek bideorri bezala izan zuen 2006an, Iturriaga eta Quiroga arkitektuek idatzi zuten proiektua. Obrak bukatzean, konponketak egin behar izan zituzten berriro, udalak azaldu duenez. Hala ere, ikusi zuten "konponketa txikiekin nahikoa ez zela", eta Javier Egaña teknikoari txosten bat egiteko eskatu zioten 2013an. "Hasieratik gaizki egin zuten egin beharreko lana, eta hori erakustea lortu dugu, legearen bidez", azaldu du Arregik. Aizarnazabalgo Udalak "erantzukizunak" eskatu zizkien epaitegiaren bidez proiektuaren egileei eta obraren erantzuleei; alegia, Iturriaga eta Quiroga arkitektoei, Segurado Aparejadoreei eta Elector S.A. enpresari. 2014ko azaroan iritsi da Donostiako Epaitegiaren autoa udalera. Bertan honakoa jasotzen du: enpresa horiek 154.755,36 euroko kalte ordaina ordaindu behar diote Aizarnazabalgo Udalari, etxaurre berria egiteko.

Guztien harriak

Lauburuko fatxadako harriak kenduko dituzte lanen lehen fasean, eta alkateak azaldu du interesa dutenek aukera izango dutela udaletxean harri zati horiek eskatzeko. Arbel minerala da Lauburuko hormetan dagoena, eta "herritar guztiena" denez, hura jasotzeko aukera ere herri osora zabaltzea erabaki du erakundeak.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide