Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Apirilaren 23an jokatuko dute lehiaketa Aizarnazabalen lehen aldiz. Oraindik ez dute zehaztu ibilbidea, baina 14 kilometro lasterka, 70 bizikletan eta beste 7 korrika izango dira.
Euskadiko distantzia luzeko duatloi txapelketa jokatuko dute apirilaren 23an, Aizarnazabalen. Arrigorriagan (Bizkaia) jokatu ohi zen proba hori, baina duela bi urte utzi zioten lasterketa antolatzeari. Aurten, Aizarnazabalgo kirol elkarteak hartu du erreleboa. «Saiatu ginen txapelketa joan den urtean antolatzen, baina denbora aldetik gaizki ibili ginen. Aurten bai, garaiz gabiltza», azaldu du Iñaki Gabarain elkarteko kideak.
Oraindik ez dute guztiz finkatu zein izango den ibilbidea, baina distantzia luzeko proba denez, honako ezaugarriak izango ditu: hamalau kilometro lasterka, 70 bizikleta gainean eta beste zazpi kilometro, korrika.
Izen-ematea otsailerako
Izen-ematea ez dute oraindik ireki, baina kirol elkartekoen arabera, beraien asmoa da otsailerako irekitzea, inskripzioa egiteko aukera izan dezaten federatuek. Jubenil, 23 urtez azpiko, elite eta masterrentzat izango da lehiaketa, eta beharrezkoa da federazioan izena ematea parte hartzeko. Federazio beraren bitartez egin beharko da izen-ematea. 200 lagun ingururentzat egongo da lekua, beraz, antolatzaileek aholkatu dute parte-hartzaileek «ahalik eta azkarren» eman dezaten izena.
Denbora aurrera joan ahala, zehaztasun gehiago emango dituzte Aizarnazabalgo kirol elkarteko ordezkariek, baina aurreratu dute boluntarioak beharko dituztela antolaketa lanetarako, bidegurutzeak egiteko eta abar. «Oraingoz, gure helburua da mundu honetan dabiltzanek jakitea apirilean hitzordua dutela, egutegian markatu dezaten», adierazi du Gabarainek. Hurrengo asteetan emango dute kirol elkartekoek falta diren xehetasunen berri.