Aizarnazabalgo eskolan dantzan ospatu zuten Euskararen Nazioareko Eguna. (Hitza)
Aizarnazabalgo Udala euskara irakasle bila dabil. Interesa dutenek, abenduaren 10era bitartean aurkeztu dezakete beraien curriculuma Aizarnazabalgo udaletxean. Euskara hobetu nahi duten lau laguneko taldea osatu dute herrian, eta haien irakaslea izateko izango litzateke, astean hiru orduko jardunean aritzeko, hain zuzen ere.
Euskara hobetu nahi duten ikasleei zerbitzua emateko asmoz egin zuen irakasle deialdia udalak, Mari Karmen Arregi alkateak Hitzari azaldu dionez. Eskolak datorren urtarrilean hastea aurreikusten dute, eta ikasturtea bukatu arte iraungo du, hau da ekainera arte. Aizarnazabalgo Udalak AEK-ren AHIZE hizkuntza aholkularitzaren bitartez egin izan ohi du euskara eskolena.
Eskatutako baldintzak
Euskara irakasteko lan eskaintzara aurkeztu nahi dutenek bete beharreko baldintzat honakoak direla zehaztu dute udaletik: Aizarnazabalen erroldatuta egon behar da; EGA titulua edota baliokidea den beste titulu baten jabe izatea ere eskatzen dute; eta, irakasle titulua edo baliokidea izan daitekeen beste tituluren bat izatea.
Gaur, pintxo potea
Euskararen Nazioarteko Eguna atzo zela-eta, gaurko pintxo potea antolatu dute Gaztetxekoek eta Zahar Etxeak. 19:00etatik aurrera izango da, eta euskararen inguruko galderen lehiaketa bat ere jarriko dute martxan.