Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Hilerriko zerbitzuetan eta "aukerakoak" direnetan egin dituzte igoerak. Etxe hutsen errekargoa mantentzea erabaki dute.
Aizarnazabalgo Udalak igoera arinak aplikatu ditu 2016ko udal tasetan. Aho batez onartu dute ordenantza, eta igoera nabarmenenak hilerrikoak, hezurtegikoak eta horma-hilobietakoak dira. %20, %10 eta %5 igo dituzte haien gaineko zergak, hurrenez hurren. Mari Karmen Arregi alkatearen arabera, hilerriko prezioak eguneratu gabe zituzten, eta horregatik erabaki dute "pixka bat" igotzea. "Inguruko udalerriekin alderatuta, oso baxuak genituen", azaldu du.
Bestalde, Atari Soro pilotalekuko dutxen eta argindarraren tarifak ere igo dituzte, bisitarientzat. Kaleko salmenta-postuetan ere aplikatu dute igoera, %10 eta %20 bitartekoa. "Igoerak aukerakoak diren zerbitzuetan aplikatzea da gure apustua", esan du alkateak.
Zaborrei dagokienez, igoerarik ez dute izango etxebizitzetako jabeek, baserritarrek, dendariek eta tabernariek. Hala ere, %10eko igoera izango dute industria txikiek zein handiek. Arregik azaldu duenez, beraien erara kudeatzen zuten zaborra industriek orain artean, eta orain mankomunitatearen esku gelditu da zerbitzua. Hori dela-eta erabaki dute igoera berrestea. Etxe hutsen errekargoa ere mantendu egingo du udalak, eta %150 kobratzen jarraituko dute.