Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aizarnazabalgo Udalak partaidetzazko aurrekontuak osatzeko bilerak egingo ditu herriko auzoetan. Hitzorduak datorren astean izango dira: aurrenekoak astelehenean, urriak 26, eta gainerakoak ostegunean, urriak 29. Guztiak Lauburu eraikinean egingo dituzte. Astelehenean honako auzoetakoekin izango dira batzarrak: Saiatz auzokoekin 18:00etatik 19:00etara Lauburuko lehen gelan; Mugitzagainekoekin 18:00etatik 19:00etara bigarrren gelan; Etxabekoekin 19:00etatik 20:00etara lehen gelan; eta, azkenik, Zubialdekoekin 19:00etatik 20:00etara bigarren gelan. Ostegunean herriko erdigunekoekin bilduko dira udal ordezkariak, 18:00etatik 19:00etara, Lauburun.
Udalak azpimarratu duenez, helburua da herritarrei parte hartzeko aukera ematea aurrekontuetan zehazten diren inbertsio eta bestelako gaietan. Hala, azaldu du herritarren proposamenak kontuan hartuko dituztela 2016ko aurrekontuak osatzerakoan. Horretarako, herritar guztiak gonbidatu ditu zehaztu dituzten bileretan parte hartzera. "Udal aurrekontua udalak bere jarduna antolatzeko duen tresna garrantzitsuena da", dio Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo alkateak bidalitako bandoak, "eta hori osatzerakoan, ezinbestekoa da ahalik eta iritzi gehienak kontuan izatea".
Aldundiaren aurrekontuak
Maiatzeko udal hauteskundeetan EH Bilduk mantendu zuen alkatetza Aizarnazabalen. Gipuzkoako Foru Aldundian, berriz, EAJk berreskuratu du gehiengoa, eta hain justu, aldundiaren bozeramale eta Gobernantza eta Komunikazio diputatu Imanol Lasa eskualdez eskualde ari da azken asteetan bilerak egiten, aurreko agintaldian EH Bilduk martxan jarritako partaidetzazko aurrekontuen partidan aldaketak egingo dituztela jakinarazteko. Izan ere, Aldundiak "ahuleziak" ikusten ditu partaidetzazko aurrekontuan.