Olasagasti izango da Aizarnazabalen, kirolen inguruko hitzaldi zikloan

E. Albizu Lizaso 2015eko urriaren 15a

Kirolaren inguruko hitzaldi zikloa egingo dute ostiraletik aurrera Aizarnazabalen, Udazkeneko Kirol Jardunaldiak izenpean. Hiru solasaldi eskainiko dituzte, Aizarnazabalgo kirol elkarteak antolatuta, eta kirolaren inguruko ikuspegi desberdinak partekatuko dituzte esparru horretako pertsona ezagunekin. Lehen hitzaldia ostiral honetan, hilak 16, izango da, 22:00etatik aurrera, herriko eskolan. Joxemari Olasagasti aizkolaria hartuko dute, eta Aizarnazabalgo kirol elkarteko kideekin arituko da hizketan. Datorren ostiralean, hilak 23, ordu eta toki berean Arritxu Iribar kirol kazetariarekin solasean arituko dira. Hirugarren gonbidatua lotu gabe dute oraindik, baina futbolaren inguruko norbait izango da. Hilaren 30ean izango da Aizarnazabalen. Hitzaldi guztiak irekiak dira, eta sarrera doan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide