Bukatu dira San Migel jaiak

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko irailaren 30a

VII. Joxe Larrarte Memorialeko finalak jokatu zituzten atzo, festei bukaera ona emateko. Sanmiel egunez, sagardo eta bolo lehiaketa izan ziren Aizarnazabalen.Festen amaierako trakarekin bukatu ziren atzo sanmielak Aizarnazabalen. Ostiraleko txupinazoti...

VII. Joxe Larrarte Memorialeko finalak jokatu zituzten atzo, festei bukaera ona emateko. Sanmiel egunez, sagardo eta bolo lehiaketa izan ziren Aizarnazabalen.

Festen amaierako trakarekin bukatu ziren atzo sanmielak Aizarnazabalen. Ostiraleko txupinazotik hasi, eta atzo arte hamaika ekitaldi izan dira herrian, eguraldia lagun: kontzertuak, ume-jolasak, danborradak eta buruhaundiak, esate baterako. Asteburu luzearen ostean, atzo izan zen San Migel eguna, eta sagardo zein pintxo dastaketa, bolo lehiaketa eta pilota partidak izan ziren protagonistak Aizarnazabalen. XXXI. Sagardo Lehiaketa egin zuten eguerdian; eta haren ondoren, kirolak hartu zuen erreleboa.

VII. Joxe Larrarte Memorialeko eskuz binakako pilota finalak jokatu zituzten 22 urtez azpikoek eta seniorrek. Elizaldek eta Mendiak Peñaren eta Martijaren aurka jokatu zuten 22 urtez azpikoetan, eta bi bikoteek maila ona erakutsi zuten partidan. Peña eta Martija izan ziren garaile, 22 eta 15. Seniorretan, berriz, Larrañaga eta Murgiondo ari ziren irabazten, 17 eta 13, Santxo eta Imazen aurka, HITZAren edizio hau itxi zenean. Jende ugari bildu zen Aizarnazabalgo pilotalekuan. Izan ere, entzutetsua da ligaxka afizionatu mailako pilotari eta zaleen artean. Ostiralean eta larunbatean izan ziren finalaurdenak. Larrarte alkate ohiaren omenez jokatzen dituzte pilotako norgehiagokak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide