1950eko ezkontza irudikatu dute Aizarnazabalen, Euskal Jai egun beroaren baitan

Ana Abarisketa 2015eko irailaren 19a

Herritar ugari bildu dira udaletxe parean gaur, 40 bat lagun inguruk parte hartu duten emanaldia ikusteko

Euskal Jai egun berezia izan da gaurkoa, irailak 19, Aizarnazabalen. Izan ere, aurreneko aldiz antzeztu dute, 40 bat herritarren laguntzaz, 1950eko ezkontza, 'Eskaudiyola!' izenburupean. Arrakasta handiko emanaldia izan da, ehundaka lagun bildu baitira eguerdian udaletxearen bueltan, garai bateko bi gazteren ezkontza ikusteko. Urduri atera dira etxetik ezkongaiak, eta guraso eta gainerako senideen konpainian gerturatu dira udaletxe parera. Herriko apaiza zuten zain gazteek, abesbatza eta guzti, eta halaxe ezkondu ditu apaizak herritar guztien begirada artean. Behin Jauna hartu ostean jaso dute aurreneko oparia; hiruzpalau aldiz jaso du harri mardula herriko harri-jasotzaileak, ezkonberrien omenez.

Trikiti Txapelketa

Arratsaldean bada zer goza Aizarnazablen. Trikitilari Gazteen III. Trikiti Txapelketa ospatuko dute-eta, 17:00etatik aurrera. Sei trikitilari bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta horietatik hiru dira aizarnazabaldarrak. Epaimahai lanetan arituko dira Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar. Euskal Jai Egunak bertso jaialdiarekin jarraituko du gauean, 22:30etik aurrera. Punta-puntako bertsolariak gerturatuko dira Aizarnazabalera, hain zuzen, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Julio Soto baitaude gonbidatuen artean. [flickr_set id="72157658799675032"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide