Euskal Jai Eguna ospatuko dute larunbatean, Aizarnazabalgo kaleetan

Ana Abarisketa 2015ko ira. 16a, 11:05

Egitarauan berrikuntzekin dator festa eguna, 1950eko ezkontza irudikatu behar baitute, herritarren parte hartzearekin. Arratsaldean Trikitilari Gazteen III. Trikiti Txapelketa egingo da.

Herri bazkaria egin ohi dute Euskal Jai Egunean, urtero, Aizarnazabalen. (Onintza Lete Arrieta) Samiel jai nagusien egitarauen barruan –irailaren 25etik 29ra ospatuko dituzte jaiak Aizarnazabalen– Euskal Jai Eguna ospatuko dute larunbat honetan. Egun osoko egitaraua prestatu dute horretarako herrian. Badira berritasunak egitarauan, aurreneko aldiz irudikatuko baitute herrian 1950eko ezkontza. Hitzordua eguerdian izango da, eta denak dago gonbidatuta ikuskizunera. Herritar talde batek uda sasoian jarri zuen martxan proposamena, eta herritarren parte hartzea eskatu zuten horretarako. 16 urtetik gorako herritarrei luzatu zieten deia, hala, egun osoan zehar herria girotu ahal izateko. "Zerbait berria prestatu nahi genuen jaietarako, eta beste herri batzuetan ikusita, ezkontzaren ideia otu zitzaigun", azaldu zuen orduan Haritz Gorriti antolatzaileak. Azkenean lortu dute herritarren babesa, eta osatuta daude beraz premiazko zituzten lantaldeak eta familiak irudikatzeko ordezkariak. Guztira 40 lagun inguruk parte hartuko dute larunbateko ekitaldian, Maitane Beloki antolatzaileak azaldu duenez.

Trikiti txapelketa

1950eko ezkontzaz gain, beste hainbat kontu prestatu dituzte larunbaterako. Goizeko ekitaldiez gain, Trikitilari Gazteen III. Trikiti Txapelketa ospatuko dute arratsaldean, 17:00etatik aurrera. Sei trikitilari bikotek parte hartuko dute txapelketan, eta horietatik hiru dira aizarnazabaldarrak. Epaimahai lanetan arituko dira Xabier Etxaniz eta Ainara Saizar. Euskal Jai Egunak bertso jaialdiarekin jarraituko du gauean, 22:30etik aurrera. Punta-puntako bertsolariak gerturatuko dira Aizarnazabalera, hain zuzen, Andoni Egaña, Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Julio Soto baitaude gonbidatuen artean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide