Aizarnazabalgo Arraza Libreko VIII. Artzain Txakur Lehiaketa jokatuko dute bihar, 18:00etatik aurrera, eskolaren atzean. Artxate artzain txakur elkarteak eta Aizarnazabalgo Udalak antolatu dute txapelketa.
Sei txakurrek parte hartuko dute biharko lehian, eta haietatik hiru eskualdekoak dira: Aizarnazabalgo Manuel Gorritiren
Argi eta
Nere eta Matxinbentako Pello Segurolaren
Argi. Bestalde, Bittor Bengoetxearen
Bat, Juan Ramon Azkargortaren
Luki eta Jose Antonio Arrillagaren
Txiki lehiatuko dira. Epaileak, berriz, Zarauzko Jose Luis Saizar eta Narruondoko Mikel Garaiar izango dira.
Gorritiren, Segurolaren eta Arrillagaren txakurrak dira faboritoak txapelketa irabazteko. Aizarnazabalgo Gorritiren
Nere txakurrak, esate baterako, Gipuzkoako eta Euskadiko txapelketak irabazi ditu azken bi urteetan, eta badu aukera biharko saria eramateko.
Manuel Gorritiren arabera, "giro oso ona" sortzen da lehiaketaren inguruan, nahiz eta jende "gutxi samar" gerturatzen den. "Herri txikia izan arren, merezi du etortzeak, txapelketaz, giroaz eta txakurren erakustaldiaz gozatzeko", esan du Gorritik.