Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Batzorde bat gehiago izango du aurrerantzean udalak, zortzi guztira. Mari Karmen Arregi alkatea bakarrik liberatu dute, %50eko lanaldian.
Aizarnazabalgo Udalak zehaztu ditu datozen lau urteetako lan ildoak. Maiatzaren 24ko hauteskundeen emaitzen ostean Mari Karmen Arregik hartu zuen aginte makila Alvaro Villarri lekukoa hartuz. Biak dira EH Bilduko ordezkariak. Guztira sei zinegotzi ditu koalizioak, eta EAJk zinegotzi bat du.
Uztailaren 17an egin zuten agintaldiko lehen udalbatzarra, eta aurrerantzean batzorde bat gehiago izatea erabaki zuten aho batez. Izan ere, ingurumena eta nekazaritza batzordeak banatzea erabaki dute. Zortzi batzorde izango dira guztira. Era berean, euskara eta berdintasuna arlo guztietan landuko dutela jakinarazi dio Hitzari alkateak. Aurreko agintaldian Kultura eta Hezkuntza batzordearen barruan landu zuten euskara.
Arregik argitu duenez, EAJri eskaini diote batzordeetan parte hartzeko aukera, baina EAJk ez du onartu.
Bestalde, alkatea izango da udalean liberatuta egongo den udal ordezkari bakarra. %50eko liberazioa izango du, eta hilean 1.000 euroko ordainsari garbia jasoko du (urtean hamalau). Gainerako udal ordezkariek 93,78 euro jasoko dituzte hilean dieta gisa, osoko bilkuretan eta batzordeetan parte hartzeagatik.
Udaleko batzordeburuak izendatzeaz gain, udal elkarteen ordazkaritza hautatu zuten batzarrean. Horrela, Urola Erdiko Mankomunitateko ordezkariak izango dira Ainhoa Etxabe Zubizarreta, Joseba Mujika Larrañaga eta Mari Karmen Arregi; Uemakoa Lorea Elustondo Erauskin; Urkomekoa Ainhoa Etxabe Zubizarreta; eta Gipuzkoako Urak Kortsortziokoa Imanol Korta.
Batzordeburuak
BatzordeakHirigintza. Imanol Korta, Joseba Mujika eta Mari Karmen Arregi
Zerbitzuak. Mari Karmen Arregi
Ogasuna. Lorea Elustondo, Ainhoa Etxabe eta Mari Karmen Arregi
Gizarte ongizatea. Mari Karmen Arregi eta Lorea Elustondo
Kirola eta Gazteria. Eñaut Larrarte, Ainhoa Etxabe eta Joseba Mujika
Ingurumena. Mari Marmen Arregi eta Eñaut Larrarte
Nekazaritza. Ainhoa Etxabe eta Imanol Korta
Kultura eta hezkuntza. Joseba Mujika, Lorea Elustondo