Getarian ere egin zuten 'Garai Bateko Ezkontza' irudikapena.
1950eko ezkontza irudikatu nahi dute Aizarnazabalen Euskal Jai egunean, irailaren 19an. Horretarako, herritarren parte-hartzea eskatu dute ekitaldia antolatzen ari diren bi gaztek.
16 urtetik gorako herritarrei dei egin diete, eta azaldu dute antzezpena goizean izango bada ere, egun osoan zehar girotu nahi dutela herria. "Zerbait berria prestatu nahi genuen jaietarako, eta beste herri batzuetan ikusita, ezkontzaren ideia otu zitzaigun", azaldu du Haritz Gorriti antolatzaileak. "Ekitaldian parte hartu nahi dutenek ez dute gidoirik ikasi behar, irudikapen bat egitea soilik izango da", zehaztu du.
Ezkontzako kide edo gonbidatu izan nahi dutenek, beraz,
abuztuaren 7a baino lehen eman behar dute izena, Aizarnazabalgo liburutegira deituta; 943-14 72 38 zenbakira, hain zuzen. Informazio gehiago behar izanez gero, Haritz Gorriti edo Maitane Belokirengatik galde dezakete herritarrek. Gorritik nabarmendu du "behar-beharrezkoa" dela herritarren parte-hartzea, proiektuak aurrera egin dezan. Hori dela-eta, egunean bertan antzerkia egiteko ez ezik, Aizarnazabalgoak gonbidatu dituzte antolaketa lanetan ere parte hartzera. Horretarako ere liburutegira dei daiteke.