Sanmiel Eguneko sagardo lehiaketa, iaz, Aizarnazabalen. (Ane Olaizola)
Gazi-gozoa, geza-garratza, gazi-garratza, mingatza, gozo-garratza... hamaika dira sagardoak izan ditzakeen zaporeak, dastamenak adina zapore baitaude. Euskal zuku honen zaleak ere asko dira, eta guztiek dute hitzordua igande eguerdian Aizarnazabalen, sagardo lehiaketa ospatuko baita bigarren urtez. Guztira hamabi sagardogile izango dira lehiaketan: Alorrene (Astigarraga), Egi Luze (Errenteria), Gaztañaga (Andoain), Akarregi (Hernani), Izeta (Aia), Petritegi (Astigarraga), Lizeaga (Astigarraga), Bereziartua (Astigarraga), Aburuza (Aduna), Añota (Azpeitia), Saizar (Usurbil) eta Eula (Urnieta).
Sagardoaren festa herriko trikitilariek alaituko dute bien bitartean. Ohikoa den moduan, herriko plazan izango da hitzordua. Bukaeran sari banaketa egongo da aurreneko hiru irabazleekin. Lehendabizikoak txapela eta kopa irabaziko ditu, eta beste biek kopa bana jasoko dute.
Esperientzia arrakastatsua
Aizarnazabalgo Ingurumen eta Nekazaritza Sailak antolatu du bigarrengoz ekintza. Pasa den urtean egitasmoak izandako arrakastaren ondorioz erabaki du udalak beste behin antolatzea, HITZAri Mari Karmen Arregi herriko alkateak azaldu dionez. Sagardoaz gain, pintxoak egongo dira salgai, eta beraz, ez da faltako jan-edanik Aizarnazabalen. Nahikoa sagardo izango dela dio Arregik, eta herritar nahiz bisitari guztiak daudela gonbidatuta festara. Aizarnazabalen ohitura da herriko hainbat festatan sagardoari lotutako ekitaldiak egitea, eta horren adibide da iganderako prestatu duten lehiaketa.