Joan den ostegunetik herenegunera bitartean VIII. Uztarri Motzeko Idi Probak jokatu dituzte Aizarnazabalen. Lopategiren (Billela, Bizkaia) idiak egin du lan onena, 48 plaza eginda. Alde handia atera dio hurrengoari, Pedro Joserenari (Larraul, Gipuzkoa); 42 plaza eskas lortu ditu haren idiak. Hirugarren postua ere Pedro Joseren beste idi batek eskuratu du, kasu honetan 40 plaza eta zinta erdi eginda. Lopategiren idiak probaren aurreneko egunean jokatu zuen.
Denera, hamabost itzainen idiek hartu dute parte aurtengo uztarri motzeko idi proban. Bai parte hartzearekin, bai bildutako ikusle kopuruarekin gustura daude Aizarnazabalgo probaren antolatzaileak. Hala dio Inazio Mari Etxabek: «Aurreneko egunean jende asko bildu zen, baina azkeneko proba egunean [herenegun] ikuslez bete zen plaza, eta giro bikaina egon zen. Probazaleak gustura egon ziren. Zumaian eta Orion arraunerako bezala, hemen jendeak probarako afizioa du; lehendik dator kontu hori. Gainera, inguruetatik Aizarnazabalerako joera hori ere badu jendeak».
Hurrengoak kintopekoak
Uztarri motzekoak jokatuta, orain Santio inguruan izango diren kintopeko idi probak antolatzen hasiko dira Aizarnazabalgoak.
Uztailaren erdirako jakinaraziko dituzte idi proben data zehatzak.