Jan sano, Aizarnazabalen

Eneritz Albizu Lizaso 2015eko ekainaren 3a

40 postutik gora jarriko dituzte larunbatean, 'IV. Jan sano eta bizi pozik' azokan. Herriko saltzaileez gain, Euskal Herri osokoak izango dira. Igandean herriko edadetuenak omenduko dituzte.IV. Jan sano eta bizi pozik azoka antolatu dute Aizarnazabalen...

40 postutik gora jarriko dituzte larunbatean, 'IV. Jan sano eta bizi pozik' azokan. Herriko saltzaileez gain, Euskal Herri osokoak izango dira. Igandean herriko edadetuenak omenduko dituzte.

IV. Jan sano eta bizi pozik azoka antolatu dute Aizarnazabalen datorren larunbaterako, herritarren eta baserritarren arteko «salmenta zuzena» bultzatzeko helburuarekin. Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo Udaleko ordezkariak esan du «galtzen» ari dela merkataritza mota hori, eta «bultzada» eman nahi diotela azokarekin.

Horrenbestez, 40 postutik gora jarriko dituzte larunbatean herrian. Baserritarrek, adibidez, 26 postu jarriko dituzte beraien produktuekin; artisauek 11 jartzea aurreikusi dute eta animaliekin ere jarriko dituzte beste batzuk. 10:00etan irekiko dute azoka, eta egunean zehar otarra eder bat zozkatuko dute bertako salgaiekin.

Arregik azaldu duenez, Euskal Herri osoko produktuak izango dituzte Aizarnazabalen. Barazki eta landareetatik hasi, eta kosmetika naturala nahiz gozokiak ere salduko dituzte. Herriko saltzaileak ere izango dira, jakina, azokan, eta haiek erroskillak, goxuak eta halako jakiak eskainiko dituzte. Eskolako umeek ere beraien postua jarriko dute, azken bi urteetan egin izan duten bezala. Gaztetxoenek denetik salduko dute: eskolako baratzeko produktuak, ukenduak eta gozokiak, besteak beste.

Azokaz gain, 11:00etan pottokekin ibilaldia egingo dute gaztetxoenentzat; eta 12:00etan idi demak egongo dira. Altunako idi parea, Artabillako behiaren eta idiaren aurka lehiatuko dira.

Ondoren, eguerdi partean, txotxa eta pintxoak jarriko dituzte guztientzat, eta DJ Jon-ek jarriko du musika.

Edadetuenei omenaldia

Igandean, edadetuen eguna ospatuko dute. 12:30ean meza izango da; eta, ondoren, mokadua egingo dute Uztarrin, 13:30ak inguruan. Bertsolari eta trikitilariekin ospatuko dute festa, eta han omenduko dituzte Virginia Sambade eta Antonio Iriondo. Urtero omentzen dituzte herriko pertsona edadetuenak herrian; eta haiei aitortza bat egiteko aprobetxatuko dute eguna.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide