Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Mari Karmen Arregi Aizarnazabalgo EH Bilduko alkategaia da
Mari Karmen Arregi (Zestoa, 1968) Aizarnazabalgo EH Bilduko alkategaia da. Azken agintaldian zinegotzi aritu da Aizarnazabalgo Udalean. Herritarrekin batera elkarlanean jarduteko gogoz daudela azaldu du.
Aizarnazabalerako herri programa aurkeztu zenutenean herritarren parte hartzearekin lan egin nahi duzuela esan zenuten.
Bai, gure helburua herritar guztiekin elkarlana egitea da, orain arte egin dugun bezala edo gehiago. Udala zabalik eduki nahi dugu nahi duen guztiarentzako, gure helburua hori da.
Hirigintza arloan Hirigintzako Plan Orokorra aipatu zenuten, zer dela eta?
Azken lau urteotan Hirigintzako Plan Orokor hori pixka bat landu dugu, baina hori aurrera eramateko ez digu denborarik eman, lan luzea delako. Horrekin jarraitu nahi dugu. Esaterako, herrian ditugun mugak gainditzen ahaleginduko gara. Adibidez, udaletxean bertan ikusten da nolako mugak dauden, ezindu batek ezin du gora igo, igogailurik ez dagoelako. Horrelako muga arkitektoniko dezente daude Aizarnazabalen; begiratu batera ez dira ikusten, baina hor daude. Alde horretatik ere lan egin beharra daukagu. Horrez gain, nolako herria nahi dugun ikusi beharko dugu. Azken urteetan, etxe adosatuak asko egin dira Aizarnazabalen eta iruditzen zaigu nahikoa direla, eta beste modu bateko etxebizitzak nahi ditugula. Hori dena, noski, herritarrekin landuko dugu. Denon artean ikusi beharko dugulako zer behar dauden. Guzti hori egiteko dagoen lana da.
Horrelako herri txiki batek gutxieneko zerbitzu batzuk eskatuko ditu, zer egin da alde horretatik?
Orain garraio publikoa hobetu da. Lehen taxi zerbitzua zegoen, baina bezperan deitu behar zen, eta noski jendeak ez zuen asko erabiltzen, askotan ez dakizulako bezperatik zer behar sortuko zaizun. Orain, autobus gehiago jarri dira eta herrira autobus txiki bat etortzen da, alde horretatik pixka bat hobera egin dugu. Baina, zerbitzua erabili egin behar da gero hobetzeko.
Azken agintaldi hau nolakoa izan da?
Uste dut positiboa izan dela. Neu pertsonalki herritarrekin hartu emanean gustura sentitu naiz, harreman ona eduki dut, eta gustukoa, eta horrela segitzea gustatuko litzaidake. Herriko eskolan egiten dut lana, eta han haurrekin eta gurasoekin nahiko harreman polita eta konfiantza sortzen da. Hau herri txikia izanik edozer gauza esateko aukera dute herritarrek, konfiantza hori badago.
Zer nabarmenduko zenuke agintaldi honetatik?
Baserritarrei begira, Jan Sano eta Bizi Pozik urteko azoka antolatzen hasi ginen, herritarrei asko gustatu zaie eta oso ondo hartu dute. Bere lana eskatzen du antolatzeak, eta kostatu egiten da, baina salmenta zuzena bultzatuz sortutako ideia bat da, eta horri aurre egin genion. Horrez gain, bidegorri zatiak egin dira, bideak txukundu dira, sagardo eguna ere antolatzen hasi gara...
Krisiak asko eragin al dio udalari?
Uste dut mantentzen saiatu garela. Egia da, langabezi tasa altua duela herriak, baina poliki-poliki horri aurre egiten ari gara. Adibidez, udalak lagunduta, bide bazterrak-eta garbitzeko kooperatiba bat sortu zen herrian, herritarrekin. Gero, azken bi urteetan herriko baserrietako bide bazterrak beraiek garbitu dituzte. Enplegua bultzatu nahi izan dugu pixka bat.
Hondakinen kontuan eskualdean aitzindariak zarete birziklatze tasa altua lortzen, ezta horrela?
Bai, aurrenak izan ginen hondakin organikoa herrian bertan kudeatzen hasi ginenak, auto konposta eginez. Hasieran, herritar boluntarioekin hasi ginen, eta ondo joan da. Pixka bat kostatzen ari da, ohiturak aldatzea eskatzen duelako. Hala ere, Aizarnazabalgo herritarrak zoriontzeko moduan gaude, datuen arabera gu garelako gehien birziklatzen dugun herrietako bat. Bere lana eskatzen du, baina herritarrek ondo erantzun dute. Organikoa bertan erabiltzearekin eta kudeatzearekin ez dugu beste inora botatzen. Pixkanaka hobetzen joan gara, oraindik asko hobetu beharra dago eta horretarako bideak jartzen saiatuko gara.
Besteengandik zerk desberdintzen zaituztela esango zenuke?
Gure taldea herritarrok osatzen dugu, herrian bizi garenok. Orduan zeinek ezagutzen du hobeto herria bertan bizi denak baino? Herritarrekin elkarlan bat egitea dugu helburu, harreman zuzen izanez. Denon artean lana hobeto egiteko konfiantza eskaintzen dugu. Gainera, gazte asko daude taldean, eta lanerako irrika dute. Lanerako eta gauzak egiteko ilusio eta gogo handia ikusten zaie.