«Herriaren alde, herritarrekin eta herriko taldeekin batera» lan egiteko gogoz eta ilusioz daudela azaldu dute Aizarnazabalgo EH Bilduko hautagaiek asteburuan: «Koloretako Aizarnazabal nahi dugu, herri bizia eta anitza. Horregatik, herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu, eta herriko talde desberdinekin lan egiteko prest gaude».
Mari Karmen Arregi Agirre dute alkategaia, eta hurrenez hurren zerrendakideak: Imanol Korta Gurrutxaga, Ainhoa Etxabe Zubizarreta, Joseba Mujika Larrañaga, Lorea Elustondo Erauskin, Eñaut Larrarte Salaberria, Josu Loiola Iturralde, Ignacio Maria Etxabe Manterola, Maria Jose Agirregabiria Makazaga eta Francisco Jabier Larrañaga Etxeberria.
Herrirako egin duten programa koloretan banatu dute. Gorriaren barruan hirigintza eta enplegua sartu dituzte. Bertan, besteak beste, Herri Antolamendurako Plan Orokorra egitea nabarmendu dute: «Azkena 2003an onartu zen, eta orain berriro egitea egokitzen da». Herrigunean ur hornidura berritu beharra ere ikusten dute, baita komun publiko bat jartzea ere. Haur parke bat estaltzeko asmoa ere mahai gainean dute. Enpeguari dagokionez, lana sustatzeko lan egin beharra azpimarratu dute. Aizarnazabal morearen gainean, herrian gizon eta emakumeen arteko «berdintasun erreala lortzeko» lan egingo dutela esan dute. Gardenean sartu dute gizarte zerbitzuen alorra, eta herritar guztien behar eta kezkei erantzuteko jardun beharra. Horrez gain, herrian euskaraz bizitzea aldarrikatu dute.
Aizarnazabal berdean, baserritarrekin «tratu zuzena» izateko asmoa azaldu dute, eta tokiko elikadura eta salmenta zuzena bultzatzekoa. Hondakinen gainean, Zero Zabor fisolosofiarekin segitzeko asmoa dute, «gaur egun martxan dagoen sistemari hobekuntzak gehituz».