"Herri bizia eta anitza lortzeko lan egingo dugu", dio Aizarnazalgo EH Bilduk

Nerea Uranga 2015eko maiatzaren 1a

Aizarnazabalgo EH Bilduk hauteskundeetarako zerrenda eta herri programa aurkeztu du

Aizarnazabalgo EH Bilduren ekitaldia atzo Lauburun (Nerea Uranga/Hitza). Bertsotan hasi eta kantuarekin eta bertsoekin bukatu zuen Aizarnazabalgo EH Bilduk udal hauteskundeetarako taldea eta herri programa aurkezteko ekitaldia. Atzo arratsaldean egin zuen Lauburuko aretoan. Aurrena, lan taldea aurkeztu zuten banan bana. Mari Karmen Arregi Agirre dute alkategaia, eta hurrenez hurren zerrendakideak: Imanol Korta Gurrutxaga, Ainhoa Etxabe Zubizarreta, Joseba Mujika Larrañaga, Lorea Elustondo Erauskin, Eñaut Larrarte Salaberria, Josu Loiola Iturralde, Ignacio Maria Etxabe Manterola, Maria Jose Agirregabiria Makazaga eta Francisco Jabier Larrañaga Etxeberria. "Herriaren alde, herritarrekin eta herriko taldeekin batera" lan egiteko gogoz eta ilusioz daudela azaldu zuten EH Bilduko hautagaiek: "Koloretako Aizarnazabal nahi dugu, herri bizia eta anitza. Horregatik, herritarrak parte hartzera animatu nahi ditugu, eta herriko talde desberdinekin lan egiteko prest gaude", azaldu zuten.

Herri programa koloretan

Herrirako egin duten programa koloretan banatu dute Aizarnazabalgo EH Bildukoek. Gorriaren barruan hirigintza eta enplegua sartu dituzte. Bertan, besteak beste, Herri Antolamendurako Plan Orokorra egitea nabarmendu dute: "Azkena 2003an onartu zen, eta orain berriro egitea egokitzen da". Herrigunean ur hornidura berritu beharra ere ikusten dute, eta baita komun publiko bat jartzea ere. Haur parke bat estaltzeko asmoa ere mahai gainean dute. Enpeguari dagokionez, lana sustatzeko lan egin beharra azpimarratu dute. Aizarnazabal morearen gainean, herrian gizon eta emakumeen arteko "berdintasun erreala lortzeko" lan egingo dutela esan dute. Gardenean sartu dute gizarte zerbitzuen alorra, eta hemen herritar guztien behar eta kezkei erantzuteko jardun beharra. Horrez gain, Aizarnazabalen euskaraz bizitzea aldarrikatu dute. Aizarnazabal berdean, baserritarrak ekarri dituzte gogora, eta hauekin "tratu zuzena" izateko asmoa azaldu dute. Tokiko elikadura eta salmenta zuzena bultzatzeko asmoa ere badute. Hondakinen gainean, Zero Zabor fisolosofiarekin segitzeko asmoa dute, "gaur egun martxan dagoen sistemari hobekuntzak gehituz". Aizarnazabalen hondakinak sailkatuta jasotzen dituzte, eta emaitza oso onak dituztela esan dute, horregatik herritarrak egindako ahalegina eskertu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide