Juan Carlos Irizar piano jotzaile aizarnazabaldarrak We are like you proiektuan parte hartuko du, Liberian osasun mentaleko programa bat abian jartzeko, eta ebolaren birusak erasotutakoak laguntzeko asmoz. Proietu horren barruan, kontzertuak eskainiko ditu, eta lehenengoa gaur izango da, Zestoako bainuetxean. Bi saio izango dira; 18:00etatik 19:00etara bata, eta bestea 19:30etik 20:30era. Sarrera doan da.
Arrasateko Aita-Menni Ospitale Psikiatrikoko boluntario eta Ahizpek bultzatu dute egitasmoa. «Ebolaren krisiaren» eraginez osasun zentroak ixten joan direla adierazi dute, eta horrek hilkortasun tasa handitzea eragin du. Ebolak erasotutakoei laguntza psikologikoa emateko, buruko gaixotasuna dutenentzako osasun zentro bat martxan jartzeko, eta haientzako prestakuntza programak egin eta estigmatizazioa saihesteko, Ahizpek Monrovian duten zentroari laguntzeko abiatu dute programa. Hango herritarrei laguntzeko dirua biltzen hasi dira, eta Laboral Kutxako honako zenbakian egin daitezke ekarpenak: ES51 3035 0001 56 0010129618.