Iratxe Ziarrusta durangarra da EAJren Aizarnazabalgo alkategaia maiatzean egingo diren udal hauteskundeetarako. Ziarrustak 41 urte ditu, eta bizkaitarra den arren, Aizarnazabalen bizi da duela zortzi urtetik. Administrazio ikasketak egin zituen, eta ostalaritzan egiten du lan gaur egun.
Ziarrustak jakinarazi du Aizarnazabal gidatzeko erronka «gogo handiarekin» hartuko lukeela. Hark azaldu duenez, prest dago herritarrei entzun eta Aizarnazabalen egoera eta bizi-kalitatea «mantentzeko edo hobetzeko».
Ziarrustak esan du Aizarnazabalen erdiguneak baino gehiago kezkatzen dutela auzoek, beraz, uste du «ezinbestekoa» dela Etxabe, Zaiatz eta Zubialde auzoetako «hutsuneak eta beharrak» aztertzea eta haiei erantzunak ematea.
Bestalde, EAJko hautagaiaren hitzetan, Aizarnazabal bezalako udalerri txikien iraupena bermatzeko aldundiarekin elkarlana landu behar da. Horregatik, Markel Olanoren agintaldian martxan jarritako Landagipuzkoa 32 egitasmoaren modukoa aldarrikatuko duela esan du, «lurraldearen oreka mantentzeko».