Zestoan ehuneko 82ko birziklapen tasa eta Aizarnazabalen 94koa

Ane Olaizola 2014ko irailaren 26a

[caption id="attachment_110606" align="aligncenter" width="300"]Udaleko eta Urola Erdiko Mankomunitateko ordezkariek balorazioa egin dute gaur(Ane Olaizola) Udaleko eta Urola Erdiko Mankomunitateko ordezkariek balorazioa egin dute gaur
(Ane Olaizola)[/caption]
Ia hiru hilabete igaro dira Zestoan hondakinak biltzeko sistema berria jarri zutenetik martxan, eta udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak orain artekoaren balorazioa egin dute. Sistema komunitarioarekin eta autokonpostarekin biltzen dituzte herriko hondakinak, eta Leire Etxeberria alkateak jakinarazi duenez, egun %82,26 birziklatzen dute herrian, eta horren %74,73 sistema komunitarioaren bidez egin dute. Aizarnazabalen, berriz, ekarpen guneen sistema berriarekin %94,46ko birziklatze tasetara iritsi direla adierazi du Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko lehendakariak.
Pozik agertu dira Zestoako emaitzen aurrean, %70eko birziklatzen tasetara iristea zehaztu baitzuten legealdiaren hasieran, eta helburua gainditu egin dutelako. Lortutako tasak Zestoa "Gipuzkoan oso aurrean" jartzen duela azpimarratu du alkateak, eta eskerrak eman dizkie herritarrei, "egindako aurrerapauso eta ahaleginarengatik eta sistemarekiko izan duten jarrerarengatik". "Badakigu ohitura aldaketek kezka eta beldurra sortu ohi dutela, baina ez genuen zalantzarik, Zestoako jendea ezagututa eta herritar arduratsuak direla jakinda, gure herrian gauzak ondo egingo zirela eta erronka gainditzeko gai izango ginela", gaineratu du. Datuak eskuartean, sistemak funtzionatzen duela berretsi dute: "Datuek eurek hitz egiten dute, eta ez du zentzurik %82ko tasara iristen garenean, berriro %29ko tasetara itzultzea. Helburua adostutakoa izan zen, eta gainditu egin dugu", esan du alkateak, Zestoako EAJk lehenego sistemara itzultzeko eskatuz abuztuan atera zuen oharrari erantzunez. Iker Azagirre Mankomunitateko teknikariak, esan duenez, azken bi hilabetetako bilakaera "oso ona" izan da: "Hasieran, beti egoten dira zalantzak. Ondo egiten hasi ziren, baina beti egon dira akats batzuk. Gaur jasotako gertakarien orrian, esaterako, apenas egon da akatsik", esan du. Dena den, ohiko akats batzuk egoten direla esan du, eta horietako batzuk aipatu ditut. Besteak beste, organikoa poltsa konpostagarrietan atera behar dela gogoratu dute, plastikozko poltsetan egin beharrean. "Garrantzitsua da hori, asko hobetuko lituzkeelako emaitzak". Era berean, pixoihalak poltsetan sartuta eta dagokion pegatina itsatsita atera behar direla azpimarratu du. Akatsak errepikatzen diren lekuetara joan direla adierazi du Azagirrek, herritarrak informatzeko. Herritarrek egin dituzten ekarpenen arabera hondakinak jasotzeko gunean egokitu eta aldatu egin dituzte martxan jarri zutenetik. Aurrerantzean ere ekarpenak eta eskaerak egiteko aukera izango dute herritarrek, Zestoan Garbi bulegoan, zestoa@urolaerdia.org, telefonoz edo udaleko webgunearen bidez. "Beti dago zer hobetua, eta jendearen ekarpenei esker lortzen da hobekuntzak egitea", esan du Etxeberriak. Hori hala, lehenengo balorazioa eginda, jarraipen batzorde bat osatuko dute orain, hobekuntza horiek aurrera eraman ditzaten. Urola Erdiko Mankomunitateak maiatzean jarri zuen martxan Urola Garbia kanpaina, ahalik eta errefusa gutxien sortu eta birziklatze maila altuenetara iristeko asmoz. Gaur emandako datuek helburuak lortzen ari direla eraskuten dutela berretsi du hango  lehendakari den Leire Etxanizek, eta zestoarrak zoriondu ditu, "bide onean" doazelako. Gainera, Urola Erdiko udalerri guztietan errefuxak "nabarmen" egin duela behera azpimarratu du.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide