Hamalau parte-hartzaile Aizarnazabalgo Kintopeko Idi Probetan

Urola Kostako Hitza 2014ko uztailaren 23a

Hemezortzigarren urtez Aizarnazabalgo Idi Probak antolatu dituzte. Inaxio Mari Etxabe, probaren antolatzaileetako baten esanetan, «Euskal Herriko partaide onenak egongo dira txapelketan». Honako hauek dira Aizarnazabalgo idi proban izango diren eskualdeko parte-hartzaileak: Isidro Erretegia eta Izer-Etxetxo azkoitiarrak, Aiako Joxe Mari Izeta eta Orioko Oliden. Probak Aizarnazabalgo plazan izango dira, gaueko 22:00etan: «Iaz bezala, aurten ere probetarako karpa bat jarriko dugu. Horrela, eguraldi txarra egin arren, jendeak gerturatzeko aukera izango du», azaldu du Etxabek. Karpa horretan gutxi gorabehera 300 lagunentzako lekua dago. Txapelketako idi pareek 1.750 kilo pisatzen dituen harri bat mugitu beharko dute.Probaren egunean, 10:00etan, idiak pisatuko dituzte, eta hauek 1.100 kilo pisatu beharko dituzte. Gehiago pisatzen duenari kilo edo kilo erdiko karga gehituko zaio. Sariak guztientzat Lehenengo sailkatuak 1.300 euro, manta, txapela eta garaikurra eramango ditu sari moduan. Bigarrenari 1.100 euro eta garaikur bat emango zaizkio. Hirugarrenak, berriz, 960 euro eta garaikurra jasoko ditu. Hala ere, partaide guztiek sari bana jasoko dute, hamabigarren postutik behera geratzen direnek 450 euro jasoko dituztelako. Etxabek dioenez, Aizarnazabalgo jendeak badu idi probetarako zaletasuna: «Aizarnazabal puntu oso ona da idi probak egiteko. Horrelako ikuskizunetara etortzen den jende gehiena edadetua izaten da, baina jende gaztea ere etortzen da, ez nahi dugun neurrian, baina etortzen dira», adierazi du antolatzaileak. EGITARAUA Uztailak 24, osteguna - Joxe Mari Izeta (Aia) - Isidro Erretegia (Azkoitia) - Mintegi (Bizkaia) - Taberna Goieta (Bizkaia) Uztailak 25, ostirala - Aurrekoetxea anaiak (Bizkaia) - Altzubarren (Elgoibar) - Patxi Irarreta (Errenteria) Uztailak 26, larunbata - Iñigo Luke (Tolosa) - Izer-Etxetxo (Azkoitia) - Erlete (Itziar) - Gaztelu Iturgintza (Zaldibia) Uztailak 28, astelehena - Goikotorre (Bizkaia) - Matxain (Errenteria) - Oliden (Orio)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide