Sankristobalak Narruondon. (Aritz Mutiozabal/Hitza)
Uztailarekin batera, festetan murgiltzen da Urola Kosta, eta oraingoan Aizarnazabalgo Zehatz eta Zestoa eta Zumaiako Narruondo auzoen txanda izango da; bihar San Kristobal Eguna ospatuko dute, eta igandera bitartean hamaika ekitaldi izango dituzte.
Aurreko urteetako antzeko festak ospatuko dituzte auzoetan, eta aipatzekoa da Aizarnazabalen auzotarrek prestatu duten egitasmoa. Zehatzen bizi edo jaio direnak elkartu nahi dituzte aurtengoan, elkarrekin «une ederra» igaro eta «garai zaharrak» gogoratu ditzaten. Ostiralean batuko dira, 23:00etan, plazan, eta euria eginez gero elizaren azpian bilduko dira. Txokolatada egingo dute, eta trikitilariek girotuta, tertulian igaroko dute gaua. Gainontzean, giro herrikoia nagusituko da auzoan. Erromeria eta musika emanaldi ugari egingo dituzte datozen egunetan, eta antolatzaileek esan dute euria eginez gero eliza azpian egingo dituztela horiek guztiak.
Ohi bezala, festetan herri-kirol jaialdia egingo dute, igandean, eta aurten Mugerza Anaiak ariko dira aizkoran, eta harri-jasotzen Izeta aita-semeak izango dira.
Narruondotik Mexikora
Zestoa eta Zumaiako Narruondo auzoan ere igandera arte ibiliko dira festan. Euskal Herriko eta Mexikoko kulturak uztartuko dituzte aurten, estreinakoz mexikar giroko bertso afaria egingo baitute larunbatean. «Zerbait desberdina egitearren antolatu dugu, eta mexikarrez jantzita afalduko dugu, bertsoekin», diote antolatzaileek. Bertso afariaren ondoren, hango musikaz gozatzeko aukera izango dute. Afarira joateko izena eman daiteke dagoeneko, ohiko lekuetan edo telefonoz, 648-82 82 98 zenbakira hots eginda. Larunbat arratsaldea umeentzako prestatu dute, baina aurten jolasak egin beharrean, pailazoen emanaldi bat izango da ikusgai.
Era berean, aurten zikiro jana egingo dute txakolinarekin lagunduta ; zikiroa 50 zentimo kostako da, eta edaria euro bat.