Ezkerrik, Urrategi Alberdi Azkoitiko alkatea, Iñaki Errazkin Ingurumen Diputatua, Leire Etxeberria Zestoako alkatea eta Leire Etxaniz Urola Erdiko Mankomunitateko lehenkaria, atzo. Aurrean, bi ume, ontzi arinak edukiontzira botatzen
(Ane Olaizola)
Etxe atarian ea edukiontziak non jarriko dituzten hizketan dira herritar batzuk; aurrerago, langileak plastikoa eta fardelak jasotzeko edukiontziak jartzen dabiltza. Hori zen atzo 20:00ak inguruan Zestoan ikus zitekeena. Bien bitartean, herriko plazan mokadutxoa egiten ziren zenbait herritar, Azkoitiko, Aizarnazabalgo eta Zestoako udal ordezkariekin eta Iñaki Errazkin Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen Diputatuarekin batera. Modu horretan hasi zuten atzo Zestoan hondakinak biltzeko sistema berria, eta Aizarnazabalen gaur jarriko dute martxan. Bi udalek batera egin nahi izan zieten ongietorria atzo eredu berriari. Zestoan, kaskoan, Iraetan eta Arroa Behean sistema komunitarioa hasi dute, eta egun bakoitzean frakzio jakin bat jasoko dute, fardelekin batera. Landa eremuetan eta gainontzeko auzoetan, ekarpen guneak jarri dituzte gaikako bilketa egiteko. Aizarnazabalen ere ekarpen guneen bidez bilduko dituzte gaurtik hondakinak.
Joan zen abenduan adostu zuten Bilduk eta EAJk sistema komunitarioa eta ekarpen guneak jartzea Zestoan, %70eko birziklatze tasetara iristeko asmoz. "Lan askoren ondorioa" izan dela azpimarratu du Leire Etxeberria Zestoako alkateak: "Herria zaintzeko eta birziklatzearen inguruan dugun arduraren ondorio izan da". Sistema berria martxan jarrta, jarraipen mahaia osatuko dute—irekia izango da—, emaitzak baloratu eta dagozkion hobekuntzak egin ahal izateko. Dena den, bi aste barru tasa horretara iristea espero du alkateak. Eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten guztiei, eta bereziki herritarrei, "erakutsi duten jarrera onagatik".
Udaleko alderdiek bat egin badute ere, herritarren artean iritzi desberdinak daude sistema berriaren aurrean. Batzuk begi onez jo badute ere, beste batzuk kezka dute izan ditzakeen emaitzen inguruan; "nahiko nuke ondo funtzionatzea, baina ez dut uste jendeak errespetatuko duenik", uste du Nadia Kerdik. "Sistema egokia da, baina ez dute galdetu herriak hori nahi al duen. Birziklatzearen alde nago, bail lehenengo hezi egin behar da, eta horretan oso motz geratu gara". Eneko Uriarteren iritzia da hori. Saltoki bat du herrian, baina ez du uste aldaketa asko eragingo dionik. Adineko emakume baten esanetan, "nahaste handia izango da, batez ere urte asko ditugunentzat.
Herrigunean, Iraetan eta Arroa Behean, etxeko atarietan jarri eta kenduko diren edukiontzietan botako dira hondakinak, 20:00etatik 22:00etara bitartean, eta egun bakoitzean hondakin mota bat bota ahal izango da. Atzo, ontzi arinak botatzeko eguna zen. Asteartetan, ostiraletan eta igandetan, berriz, material organikoa jasoko dute. Asteazkenetan izango da errefusa ateratzeko eguna, eta ostegunetan, astelehenetan bezala, ontzi arinak jasoko dituzte. Pardelak eta konpresak botatzeko beharra duenak, berriz, egunero bota ahal izango ditu edukiontzietan. Horretarako, aurrez Hondakinen Informazio Bulegoan izena eman beharko du eta pegatinak emango zaizkio pardelak botatzeko poltsan. Beira, papera eta kartoia, orain arte bezala jasoko dira, edukiontzi finkoen bitartez.
Egunkari honek hitz egin duen herritar guztiek esan dute birziklatzen dutela. Asier Buenetxea da horietako bat, eta honen arabera, birziklatzen dutenentzat "ez da aparteko aldaketa izango". "Arazo gehiena ez duenak birziklatzen izango ditu. Aldaketa oso ondo ikusten dut, eta eman beharreko pausoa izango dela uste dut. Birziklatze tasa oso baxuak zeuden orain arte, eta hori igotzea da helburua", esan du. Libe Sarasua beste herritar batek ere begi onez jo du Zestoako sistema komunitarioa, eta hura martxan jartzea "beharrezkoa" izan dela berretsi du. "Eman beharreko pausoa zen, birziklapen tasak igo nahi baditugu".
Orain arte bezala, hondakinen inguruko bulegoak zabalik jarraituko du datozen bi hilabetetan ere, herritarrek izan ditzaketen kezkak eta zalantzak argitzeko. Hain zuzen, Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi du herritar, merkatari eta ostalari guztiek dagoeneko jaso dutela materiala. Hain zuzen, gaineratu du ostegun eta ostiralean herritarrak etengabe izan zirela kit-ak jasotzen. Ikastaroak ere egin dituzte, informazioa eman eta zalantzak argitzeko, eta mankomunitatearen arabera, "herritar ugari" izan da horietan ere. Herritarrekin ez ezik, merkatariekin, ikastetxetako langileekin, adineko egoitzakoekin edota kirol azpiegituretako, kultur etxeko, eta udaletxeko langileekin ere elkartu dira. Guztiei hiztegiak ere banatu dizkiete, hondakin bakoitza nora bota jakin dezaten. "Sistema martxan jartzean etorriko dira zalantza zehatzekin, baira oraingoz jarrera ona erakutsi du. Normaltasun baten barruan joan da prozesua".
Aizarnazabalen, besteti, gaur hasiko dira ekarpen guneen bidez hondakinak gaika jasotzen. Han ere "giroa lasaia" da, Aizarnazabalgo alkate Alvaro Villarrek esan duenez. Han ere ikastaroak egin dituzte azken hilabeteetan, eta aurrerantzean izan ditzaketen zalantzen aurrean udaletxera jo beharko dute. Herrigunean bi ekarpen gune izango dituzte, eta auzoetan bana.