Uztarri Motzeko idi demen bigarren asteburua jokatuko dute Aizarnazabalen

Olatz Prat 2014ko mai. 30a, 05:26

Gaurtik asteartera bitartean Aizarnazabalgo Uztarri Motzeko VII. Idi Demen bigarren asteburua jokatuko dute. AIPE Aizarnazabalgo Idi Proben Elkarteak antolatu ditu, udalaren babesarekin. Aurreko ostiralean eta larunbatean bete zituzten lanak lehen sei parte-hartzaileek, eta beste hamairu parte-hartzaile izango dira Aizarnazabalgo plazan datozen egunotan. Aurreko astean Larraulgo Kixkurrak lortu zuen emaitzarik onena, 39 plaza eta 5 zinta eginda. Haren atzetik doa, momentuz, Asun Agirre oikiarra, 39 plaza eta 2 zinta eginda. 1.050 kiloko harrirari tiraka Mendi Txiki harriari tira beharko diote idiek; 1.050 kiloko harriari 50 kiloko plaka gehituko diote, gainera. Idien pisaketak proba egunean 10:00etan izango dira. Txapelketaren amaieran sariak banatuko dituzte, ohi bezala. Plaza gehien egiten dituenak 1.000 euro, manta eta garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak, 900 euro eta garaikurra; hirugarrenak 800 euro eta garaikurra; 700 eta 430 euro artean jasoko dituzte laugarrenetik bederatzigarren postura bitartekoek, eta hortik atzerako guztiek 150 euro. Herriko lehenak, gainera, manta eta garaikurra jasoko ditu. Dena den, sari horietan sartu ahal izateko gutxienez 30 plaza bete beharko dituzte demazaleek. Probak Gipuzkoako Herri Kirol Federakuntzak kontrolatuko ditu. Egitaraua Maiatzak 30, ostirala - 22:00etan. Patxi Irarreta (Errenteria), Narbazta (Oikia), Pedro Jose (Larraul). Maiatzak 31, larunbata - 21:00etan. Maixena (Aulesti), Aburuza (Oiartzun), Argote (Errenteria), Retegi (Oiartzun). Ekainak 2, astelehena - 22:00etan. Basabe II.a (Aizarnazabal), Intzinarte (Errenteria), Isidro Erretegia (Azkoitia). Ekainak 3, asteartea - 22:00etan. Galtxagorri (Zumaia), Artola (Oiartzun), Ormaetxea (Zamudio).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide