Zestoan eta Aizarnazabalen Gure Esku Dago Egunak ospatuko dituzte hilaren 24an, eta bi herrietan prestaketa lanetan dabiltza. Aizarnazabalen, esaterako, taldea eta dinamika aurkeztuko dituzte ostiralean, 19:30ean, plazan. Ondoren, 22:30ean,
Gazta zati bat dokumentala eskainiko dute bertan.
Zestoan, berriz, hilaren 24an aurkeztuko duten bideoa prestatzen ari dira herritarrekin —
hemen ikusi daiteke—. Ahotsak maiatzaren 2an grabatu zituzten Gaztain estudioan. Era berean, Gure Esku Dago mugimenduaren berri emateko auzoetan bilerak egin dituzte. «Arroa Goiko, Aizarnako, Lasaoko eta Iraetako auzotarrekin bildu gara, eta harrera ona izan dugu». Ekainaren 8ko giza-katerako metroak erosteko auzoetan arduradun batzuk jarri dituzte, eta auzotarrek haiengana jo beharko dute metroa eskuratzeko. Honakoak dira auzoetako arduradunak: Arroa Goian, Beñat Arakistain; Iraetan Iban Narbaiza; eta Aizarnan, Josune Irure.
Bestetik, bihar, Zestoan, herriko koadrilei zuzendutako bilera bat egingo dute, 19:30ean, kultur etxean. Bertan Gure Esku Dago eguneko egitaraua aurkeztu eta giza-katearen inguruko xehetasunak emango dituzte.
Azkoitian, bestetik, Tomas Urzainkik erabakitzeko eskubidearen eta Libertatearen Foruen inguruko hitzaldi bat emango du. Bihar izango da ekitaldia, 19:00etan, Elkarguneko bigarren solairuan.