Mikel Txiki Eguna ospatuko dute gaur, festa giroan, Aizarnazabalen

Olatz Prat 2014ko maiatzaren 8a

Iaz, Mikel Txiki egunean, umeak puzgarrietan (Argazkilaria: Onintza Lete) Jai giroa izango da nagusi gaur arratsaldean eta larunbatean Aizarnazabalen. Izan ere, Mikel Txiki Eguna ospatuko dute, eta herriko heldu nahiz txikienek izango dute zertaz gozatua. Gaur ekingo diete ekitaldiei, Mikel Txiki Egunean. 18:00etan bertso saioa eskainiko dute Sebatian Lizasok eta Beñat Gaztelumendik eskolako soinketa gelan. Hura bukatzean, 19:00etan, bikotekako korrika eta bizikleta lasterketa izango dira, Kirol Elkarteak antolaturik. Ondoren, 19:30-20:00etara triki-poteoa egingo dute herriko trikitilariekin, eta gero, 23:30ak bitartean, berbena izango da Lotxo taldearekin. Hurrengo eguna laneguna dela jakin arren, berbena amaitu bitartean plazan gelditzeko eskatu diete antolatzaileek herritarrei. Larunbata haurren eguna Guraso Elkarteak, bestetik, egun osoko egitaraua osatu du larunbaterako. 10:30ean esnatuko da eguna, eta musika eskolako trikitilariak izango dira, kalejira eginez, diana joko dutenak. Izan ere, 11:00etarako pilotalekura deituak daude herritarrak, haurren pilota txapelketako finalak jokatuko baitituzte. Ondoren lasterketa egingo dute haurrek. Bazkalostean jarraituko du txikienentzako festak, 17:00etarako herri-kirol jolasak antolatu baititu Guraso Elkarteak. Egunari amaiera ezin hobea emateko, askaria emango diete haurrei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide