Abortuaren lege proiektua gaitzetsi dute Azkoitian eta Aizarnazabalen

Ane Olaizola 2014ko otsailaren 5a

Espainiako Gobernuak onartu duen abortuaren aurreproiektuak kontrako erreakzio ugari sortu ditu, eta eskualdeko hainbat udalek ere bat egin dute abortatzeko eskubidearen aldarriarekin. Azkoitiko eta Aizarnazabalgo udalek PPk aurrera eraman nahi duen lege proiektua gaitzetsi dute ohiko bilkuretan. Udalez gain, Urola Kostako Bilgune Feministak gogor salatu du abortuaren kontraerreforma, «izugarrizko atzerapausoa» izango delako. Udalez udal ari dira mozioak lantzen; Zarautzen onartua du udalak, Zestoan bihar dira jorratzekoak gaia, eta Azpeitian atzo iluntzean ziren onartzekoak mozioa. Azkoitiko Udala osatzen duten alderdiek —Bildu, EAJ, Azkoitia Bai eta PSE-EE— aho batez onartu dute «emakumeen autonomiaren eta erabakitzeko eskubidearen defentsan» abortuaren eskubidearen aldeko adierazpen instituzionala. Aizarnazabalen, berriz, Bilduren aldeko botoekin eta EAJren abstentzioarekin onartu dute mozioa. Lege proiektua atzera botatzeko eskatu dute, «atzerakoia» delako eta emakumeen eskubideak urratzen dituelako: «Emakumeen autonomia urratu, emakumeen heldutasuna, erabakitzeko gaitasuna eta ardura ukatu eta infantilizatu egiten ditu, abortatu ahal izateko beste batzuekiko menpekotasuna ezarriz. Hala, emakumeen gorputzak estatuak eta medikuntzak interbenitutako erreprodukzio hutsera murriztu ditu», salatu dute udalek. PPk aurrera eraman nahi duen erreformak andreak «ama izatera behartzen» dituela azpimarratu dute; «haurdunaldia bilatua izan arren, malformazioak eta gaixotasunak identifikatutako kasuetan erabakitzeko aukera ukatu nahi dute, edozein modutan haurdunaldiarekin jarraitzera behartuz. Bortxaketa kasuetan soilik baimendu nahi dute abortua, baina horretarako salaketa jarri behar dute, eta jakin badakite bortxaketa asko salatu gabe geratzen direla». Emakumeen autonomia defendatzeko konpromisoa hartu dute bi udalek, eta Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari eskatu diete bermatu dezatela emakumeek haien gorputzarekiko eta ugalketarekiko erabakiak «askatasunez» hartu ahal izateko «lege-babesa, osasun-babesa eta babes-soziala». Herritarrei, berriz, andreen autonomiaren eta «oinarrizko eskubideen» alde egin eta lege proiektuaren aurkako mobilizazioetan parte hartu dezaten dei egin diete. Era berean, abortuak sistema publikoaren barruan egitearen alde egin dute, eta mugimendu feministek egin duten «lan handia» aitortu. Klandestinitatera bidean Hain zuzen, Urola Kostako Mugimendu Feministak bere irakurketa egin du; honen arabera, lege proiektua «emakumeen gorputza kontrolatzeko pausoa» izango da, eta ez du abortu kopurua gutxituko; «ez dute arazoarekin bukatu nahi. Nahi gabeko haurdunaldiak ekidin nahi dituzte, baina ez dute inbertitzen sexu heziketan. Kontraesana da hori». Taldearen ustez, sexualitatea «ugalketarako bitartekoa» da PP alderdiarentzat. Horrez gain, errealitateari buruzko datuak «manipulatzen» aritzea egotzi diete. «Moralitatean oinarritutako eztabaida» sortu dutela salatu dute, gainera. Izan ere, Bilgune Feministaren arabera, abortuen %97 haurdunaldiaren lehenengo hamalau asteetan egiten da, eta aurreneko zazpi asteetan abortuen %54. «Emakumeentzat ez da izaten kapritxo bat, eta haurdunaldiarekin jarraitzerik ez badute nahi, ahalik eta azkarren hartzen dute erabakia». Legea ezarriz gero, emakumeek klandestinitatera jo beharko dutela ohartarazi dute; «dirurik ez dutenek ez dute aukerarik izango atzerrira joateko, eta beraz, haurdunaldia eteteko». Abortuaren eskubidea aldarrikatzeko eta lege proiektua arbuiatzeko hainbat ekitaldi egin dituzte eskualdean, eta aurrerantzean ere hala jarraitzeko asmoa azaldu dute. Euskal Herriko Mugimendu Feministak deituta, berriz, apirilaren 5ean manifestazio nazionala egingo dute Iruñean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide