Zaborra biltzeko toki bereziak jarriko dituzte Zestoan eta Aizarnazabalen

Ane Olaizola 2014ko urtarrilaren 22a

Zestoan ekarpen gune bat egiten (Olatz Prat). Ingurumena zaindu eta hondakinen kudeaketaren inguruko kostuak murrizteko asmoz, Zestoan eta Aizarnazabalen herritarrek hondakin guztiak leku bakarrean utzi ahal izango dituzte ekarpen guneak deitutako guneetan, bertan izango baitituzte gaikako edukiontzi guztiak. Aizarnazabalen bi gune nagusi jarriko dituzte horretarako. Herriko plazan, Xerorategi etxearen ondoan egongo da gunetako bat, eta bestea Gaiko Etxeberri ondoko aparkalekuan, konpostagunearen alboan, jarriko dute. Auzoetan ere jartzeko asmoa dute. Lanak dagoeneko hasi dituzte, eta udalak jakinarazi du laster amaituta izango direla. Horrez gain, konposta guneak ere handitzen ari dira. Hala azaldu du Alvaro Villar alkateak: «Gure nahia ahalik eta azkarren martxan jartzea da, baina kanpoko erabakien menpean gaude, Urola Erdiko hainbat  herri eskutik baigoaz. Espero dugu datozen hilabeteetan martxan izatea». Ahalik eta aldaketa gutxien egite aldera, herriko beste edukiontziak gune horietan jarriko dituzte. Proiektuak bi helburu ditu; batetik, ingurumenaren aldeko pausoa egingo dute; «ez genuke nahi gure ingurua zabortegi bat bilakatzea, eta horretarako ezinbestekoa da ahalik eta gehien birziklatzea». Egitasmoarekin, gainera, kostuak murriztuko direla gaineratu du Villarrek; «edukiontzi gehiago egongo direnez, kamioiak joan-etorri gutxiago egingo ditu, eta garraioaren kostuak gutxituko dira». Birziklatze maila handituz gero, gainera, zabortegian ordaindu beharreko tasak ere gutxituko direla gaineratu du; «aurreztutako dirua beste beharretarako erabili ahal izango genuke». Hain zuzen, gune horiekin herritarrei «ahalik eta erraztasun gehien eman» eta birziklapena sustatu nahi dute. Egun, sortutako hondakinen erdia birziklatzen dute aizarnazabaldarrek, baina udalaren helburua da %75 eta %80ko tasetara iristea. Hainbat herritan, hondakinen gune horietan jasotako emaitzen ondotik erabaki dute bide horretatik joatea. Egitasmoa zehazteko eta herritarren iritziak jasotzeko bilerak egin ditu udalak herritarrekin. Izan ere, Gaiko Etxeberri ondoko aparkalekuko gunearen inguruan kexatu egin dira zenbait herritar, eta bileran adostu zituzten kokalekuak. 2012an abiatu zuten auzokonposta herrian, eta ordutik 150 familiak bat egin dutela esan du udalak. «Datozen hilabeteetan herritar guztiek hasi beharko dute auzokonposta egiten». Izan ere, birziklatzeak derrigorrezkoa izan behar duela azpimarratu du: «Baliteke hainbat herritarrek begi onez ez ikustea, baina emaitzak ikustean iritziz aldatuko dutela uste dugu». Zestoan, udaberritik aurrera Zestoan, hondakinen %70 edo gehiago birziklatzeko helburuarekin, bilketa sistema berria jarriko dute martxan datozen hilabeteetan, eta orduan jarriko dituzte hondakinak biltzeko gune horiek han ere; herriko edukiontziak kenduko dituzte, eta gune horretan jarriko dituzte guztiak, baserritarrek nahiz adostutako ordutegian hondakinak utzi ezin dituztenek erabil ditzaten. Izan ere, sistema berriarekin edukiontziak ez dira finkoak izango, eta denbora tarte zehatzetan jarri eta gero kendu egingo dituzte kaleetatik. Sistema berriarekin udaberrian hasteko asmoa du udalak, eta ordutik aurrera izango dira erabilgarri hondakinen gune horiek. Herriguneko etxola Zubimusun egongo da, auzokonposta egiteko gunearen alboan. Horrez gain, Aizarnan eta Arroa Behean ere jarriko dituzte. Gainontzeko auzoetan etxolen ordez bestelako azpiegitura batzuk egongo dira. Etxolak itxiak izango dira, eta erabiltzaileek baimena eskatu eta giltza elektroniko bat edukiko dute. «Ekarpen guneetan zein ibili diren eta horiek ondo birziklatu al duten kontrolatuko dugu», adierazi du Ruben Alberdi Zestoako jarduneko alkateak. Urola Erdiko Mankomunitatea ari da lanak aurrera eramaten, eta herriguneko eta Arroako etxolak ia amaituta daude. Aizarnako lanekin, berriz, laster dira hastekoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide