Aurreko asteburuan herria festarako girotu zuten Aizarnazabalen, Euskal Jai egunarekin. Baina sanmielak ofizialki bihar hasiko dituzte. Goizean goizetik haurrak izango dira bihar festako protagonista. Hala, goizean jai eguna iragarriz txupinazoa botako dute. Segidan jolaserako eta ondo pasatzeko haur eta gaztetxoentzako jolasak eta puzgarriak izango dituzte.
Sagardo txapelketa igandean egingo dute Aizarnazabalen, Sanmiel Egunean (Ane Olaizola/Hitza)
Bazkalondoan haurren festak segida izango du margo lanak egiteko txokoarekin eta txokolate-janarekin.
Ondoren, festei hasiera emateko txupinazo ofizialaren txanda izango da, 19:00etan. Azken urteetan bezala, aurten ere txupinazoa Aizarnazabalgo Adiskide Bertso Elkartekoek girotuko dute. Biharkoan
Ilargipean izeneko antzezlana taularatuko dute. Sorpresa izan dadin nahi izaten dute Adiskidekoek, baina arrasto txikiren bat eman dute lanaren nondik norakoaz. «Ezin dugu asko aurreratu, baina izenburuak berak pista bat baino gehiago eman lezake». Umorea ziurtatu egongo dela gaineratu dute, «baita aurpegi berriren bat ikusteko aukera ere». Txupinazoa girotzeko antzezlana udaletxearen aurrean egingo dute.
Helduak, pieza berriarekin
Sanmiel bezperan, festetako beste ekitaldi askoren artean, herriko bi danborraden txanda izango da. Larunbat eguerdian, 12:00etan hasita, haurren hirugarrengo danborrada egingo dute. Haurren danborradaren antolaketaz guraso talde bat arduratzen da, eta 3 urtetik 16 urtera artekoek hartzen dute parte. Bost entsegu egin dituzte prestatzeko. Azkena gaur egingo dute, 17:00etan, eskola azpian.
Larunbat gauean, 23:00etan, helduen danborrada aterako da. Aizarnazabalgo helduen danborradak hamabost urte beteko ditu aurten. Azken urteetako asmoa betez, pieza berri bat estreinatuko dute helduek,
Donostiako martxa. Kasu honetan lau entsegu egin dituzte, atzo azkena, Joseba Lizaso zestoarrak gidatuta. «Azken urteetan betiko piezak jotzeaz gainera beste berriren bat sartzeko asmoa egon da, eta aurten egin egin dugu», diote.
Mikel eta Gure Borda elkartekoek danborrak joko dituzte, eta gazteen taldeak upelak. 60 lagun inguruk hartuko dute parte, Zumai txaranga lagun dutela.
Irailak 27, bihar. Umeen Eguna.
- 10:30ean, umeen txupinazoa alkate txikiarekin.
- 11:00etatik 13:10era, heldu eta haurrentzat jolas guneak: pertsonen futbolina, zezen mekanikoa, super jumping, hiru puzgarri adin desberdinentzakoak.
- 13:00etatik 14:00etara, apar jaia.
- 15:30etik 18:30era, berriro jolas guneak jarriko dituzte.
- Arratsalde erdian, txokolatada guztientzat.
- Arratsaldean zehar, margoketa txokoa.
- 18:30etik 19:00etara, buruhandiak.
- 18:30ean, Aizarnazabalgo III. Umeen Eskuz Binakako pilota finalak.
- 19:00etan, Adiskideren eskutik, Bertso hizketan.
- Amaitzean, txupinazo ofiziala.
- 22:00etan, V. Joxe Larrarte memorialaren finalak.
- Amaitzean, Egan taldearekin dantzaldia.
Irailak 28, larunbata.
- 12:00etan, Haurren III. danborrada.
- 16:30ean, IX. Mus eta Eskoba txapelketa.
- 19:00etan, tortila lehiaketa.
-20:00etan, kalejira Zumai txarangarekin.
- 21:00etan, danborradako partaideen afaria herriko elkarteetan.
- 23:00etan, XV. Helduen danborrada, Zumai txarangarekin.
- Ondoren, Orots taldearekin dantzaldia.
Irailak 29, igandea. San Migel Eguna.
- 10:00etan, goiz eresia herriko txistulariekin.
- 11:00etan, meza nagusia.
- 12:00etatik 14:30era, Iraunkorrak txaranga kaleetan zehar.
- 12:00etan, XXIX. Sagardo Lehiaketa eta txorizo dastaketa.
- Era berean, emakumezkoen eta gizonezkoen arteko bolo lehiaketa.
- 18:00etan, herri kirol jaialdia. Emakumezkoen giza proba erakustaldia eta Euskadiko II. mailako aizkolarien finala.
- Ondoren, Iraunkorrak txaranga herrian zehar.
- 23:00etan, Joselu Anaiekin erromeria.