Espainiako banderaren «inposaketaren» aurrean, Ikurrinaren Festa egingo dute

Ane Olaizola 2013ko ira. 19a, 04:00

Aizarnazabalen ikurrina omenduko dute bihar. Espainiako Gobernuaren Banderen Legearen dela medio, Espainiako bandera jarri behar izan dute udaletxeko balkoian, «udalaren eta herritarren borondatearen aurka». Espainiako bandera udaletxean jartzea «inposaketa» dela salatu dute, besteak beste, «udalaren eta herritarren erabakitzeko eskubidea» urratzen duelako. Horren aurrean, aldarrikapen gisa Ikurrinaren Festa ospatuko dute bihar arratsaldean, eta herritarrak ez ezik, eskualdeko bizilagunak ere bertan parte hartzera gonbidatu dituzte. Aizarnazabalgo Udalak antolatu du egitasmoa, eta hainbat saiok osatuko dute. «Herria erabaki horren aurka dagoela adierazteko ekimen sinbolikoa izango da. Ikurrinari omenaldia egin nahi diogu, hori baita gure bandera», adierazi du udalak. 19:00etan ikurrina handi baten mosaikoa egingo dute herritarrek, plazan. Ondoren, demokrazia garaian alkate izandako guztiek agerraldia egiteko asmoa dute udaletxeko balkoian, eta gertaeraren inguruko irakurketa egingo dute. Omenaldia amaitzeko, berriz, txalaparta hotsen laguntzarekin ikurrina lekuz aldatuko dute. Antolatzaileek herria «ikurrin handi» bihurtu nahi dute. Etxez etxe ikurrinak banatu dituzte, eta bihar balkoietan eta leihoetan jartzeko eskatu diete herritarrei. Ekitaldia hasterako, gainera, ikurrinaren koloreez, gorriz, zuriz eta berdez jantzita, herritarrak multzoka joango dira plazara, trikitilariek laguntzarekin. Prozesua, iaztik Abuztuaz geroztik ikus daiteke Espainiako bandera Aizarnazabalgo udaletxetik zintzilik, herriko, Gipuzkoako eta Europako banderekin eta ikurrinarekin batera. Udaletxeko fatxadan ere plaka jarria dute, eta bertan irakur daitekeenez, udalaren «borondatearen aurka» jarri dute bandera hori. Iazko ekainean eman zuen Espainiako Gobernuak bandera hori jartzeko «lehen abisua», Aizarnazabalgo Udalak adierazi duenez. Udalak Banderen Legea bete ez zuenez, ordea, Madrilek epaitegietara jo zuen honen aurka, eta egoeraren aurrean udaletxe aurrean jarri zuten bandera. Azken hilabeteetan ikurrinaren inguruko zenbait ekimen egin dute herrian. Besteak beste, Aizarnazabalgo plazan ikurrina eta honako leloa margotu zituzten: Agian egunen batean kenduko naute hemendik, inoiz ez herriaren bihotzetik. Aizarnazabalen ezik ezik, Getarian, Errezilen eta Orion ere Espainiako bandera jarri behar izan dute azken hilabeteetan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide