Sanmiel jaien baitan ardi txakur txapelketa antolatu dute Aizarnazabalen

Nerea Uranga 2013ko irailaren 4a

Sanmiel jaiekin lotutako ekitaldiak larunbatean (irailak 7) hasiko dituzte Aizarnazabalen. Ordurako Arraza Libreko Ardi Txakur Txapelketa antolatu dute. 18:30ean hasiko da lehia, eskola aurrean dagoen zelaian. Euren jabearekin sei txakurrek hartuko dute parte: Manuel Gorriti (Aizarnazabal) Nere txakurrarekin; Jose Antonio Arrillaga (Elgoibar) Txiki-rekin; Pello Pagadizabal (Aia) Lantz-ekin; Pello Segurola (Matxinbenta) Argi-rekin; Mikel Garaiar (Narrondo) Argi-rekin; eta, Jesus Kruzelaegi (Arrasate) Norr-ekin. Epaile lanetan Mikel Aizpurua eta Bittor Bengoetxea ariko dira. Haurren eta helduen danborraden prestaketak hasita Aizarnazabalgo Sanmiel jaietako beste ekitaldi batzuetarako prestakuntzak ere hasi dituzte herriko hainbat eragile eta herritarrek. Guraso talde bat ari da haurren danborrada antolatzen eta dagoeneko bertan parte hartu nahi duten haurrek izena emateko epea zabaldu dute: izena liburutegian eman behar da irailaren 9ra bitartean. HH 3ko ikasleetatik 16 urtera bitartekoek hartu dezakete parte eta janzkera kamiseta zuria, bakeroak eta jaietako zapi laranja dira. Entsegu egunak eta orduak ere jarri dituzte: 17:00etan eskola azpian, irailaren 12an, 17an, 19an, 24an eta 26an. Helduen danborradak aurten 15 urte beteko dituela eta herritarren iritzia jasotzen ari dira parte-hartzaileei galdeketa bat eginda. Iritzia liburutegian edo udaletxeko buzoian utzi behar da irailaren 10erako. Danborradan parte hartzeko gutxienez 16 urte beteta eduki beharko dira eta parte hartu nahi dutenek izena honako tokietan eman dezakete irailaren 10etik 16ra artean: Gaztetxean, Mikel Elkartean edo Gure Borda Elkartean. Helduen kasuan ere entsegu egunak jarri dituzte: 22.00etan, irailaren 16an, 18an, 23an eta 25ean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide