Gaurtik aurrera ibilgailuek ezin izango dute aparkatu Aizarnazabalgo plazan

Ane Olaizola 2013ko maiatzaren 15a

Autoa aparkatuta herriko plazan, atzo. (Nerea Uranga/Hitza) Aizarnazabalgo plazak aspaldi ez bezalako irudia izango du gaurtik aurrera. Azken urteetan ibilgailuen presentzia ohikoa izan da herriko plazan, baina udalak eremu hori ixtea erabaki du haientzat. Beraz, aurrerantzean ezin izango da bertan aparkatu. Aizarnazabalgo alkate Alvaro Villarrek UROLA KOSTAKO HITZA-ri adierazi dionez, duela urte batzuk arte herritarrek plaza ez zuten erabiltzen aparkaleku bezala, baina pixkanaka «ohitura aldatzen» joan dela esan du, eta ondorioz, plazak «erabilera osoa galdu du». Hori hala, gaurtik aurrera «dagokion erabilera» eman ahal izateko, autoek eta gainontzeko ibilgailuek debekatuta izango dute bertan sartzea. «Herriko plazaren berezko erabilera berreskuratzeko asmoz itxiko dugu eremua; hau da, frontoia, proba plaza, bolatokia eta haurrentzako jolastokia izango da, orain urte gutxira arte izan den bezala». Arau berria indarrean gaur jarriko da. Baina gaiak eztabaida sortu du herrian, eta herritar talde batek sinadurak bildu ditu udalari erabakia atzera bota dezala eskatzeko. Dena den, Villarrek uste du herritarren segurtasunerako neurria izango dela, aurrerantzean aizarnazabaldarrek frontoia eta ingurua «inolako arriskurik eta autoen oztoporik gabe» erabili ahal izango dutelako. Horrez gain, plazak herriarentzat duen esanahiari eutsiko zaio. «Aizarnazabalgo gune historikoenetakoa da, herriaren nortasuna adierazten duena, eta herritar askoren oroitzapenak biltzen dituena». Izan ere, alkatearen ustez, herritarren «erabilera txarrak» bilakatu du plaza aparkaleku, eta neurri berriarekin ez du uste eragozpenik sortuko denik, aparkatzeko lekua «soberan» dagoelako herrian. Dena den, jakinarazi du hileta egunetan edota sortu daitezkeen «ekitaldi berezietan» orain arte bezala egongo dela irekita aparkalekuentzat. Plaza eta frontoia berritzen, eta ikurrina eta leloa margotzen aritu dira (Nerea Uranga/Hitza) Eraberritze lanak amaituta Herriko plaza «txukun» edukitzeko asmoz, gainera, eraberritze lanak egin ditu udalak azken hilabeteetan. Besteak beste, pilotalekua margotu dute udal langileek, eta bolatokia eta eserlekuak berritu dituzte. Halaber, lema bat margotu dute, ikurrinarekin batera: Agian egunen batean kenduko naute hemendik, inoiz ez herriaren bihotzetik. Lehiaketa bidez aukeratu zuen udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide