Pilota partidekin ospatuko dute Aizarnazabalen pilotalekuaren 25 urteurrena

Ane Olaizola 2013ko martxoaren 14a

Aizarnazabalgo Atari Soro pilotalekua eraiki zela 25 urte betetzen direla eta, haurren eta profesionalen mailako pilota jaialdiak ikusteko aukera izango da bihar.  Herriko pilotari gazteen partidak 16:30ean hasiko dira, Atari Soron. Ondoren, 17:00etan, mutilen eskuzko pilota txapelketako finalak jokatuko dira, Udalak eta Aizarnazabalgo Kirol Elkarteak antolatuta. Bihar iluntzean, berriz, maila handiko pilotariak ariko dira Aizarnazabalen. 22:00etan hasita, aurrena Binakako Promozio Txapelketako finalaurrekoa jokatuko dute Olazabalek eta Arrutik Lemuno eta Aretxabaletaren kontra. Segidan, EPELen Eskuz Binakako Txapelketako finalaurrekoa dute jokoan Bengoetxea VI.ak eta Beroizek eta Ezkurdiak eta Zubietak. Partidarako sarrerak zutik 15 euro kostatzen dira eta eserita 25 euro. ETB1ek ere emango ditu. Pilotariak atzo izan ziren Aizarnazabalen biharko materiala aukeratzen. Atari Soroko harmailak jendez beteta egon ziren pilotak aukeratzen zituzten bitartean eta ondoren herriko txikienek pilotarien sinadurak lortzeko aukera izan zuten. Herriko beharrari erantzuteko Aizarnazabalen Atari Soro pilotalekua eraikitzeko obrak 1986. urtean hasi zituzten eta bi urte iraun zuten, 1988an bukatu baitziren. 1988ko martxoaren 13an egin zuten frontoi berriaren inaugurazioa. Aurretik, Aizarnazabalek bazuen pilotalekua, herriko plazan; baina, irekia. «Herrian pilotazale asko zen orduan eta herriko festetan eta aterpean gauzak antolatzeko toki baten beharra zegoelako erabaki zen Atari Soro pilotalekua egitea» , dio orduan Aizarnazabalgo alkate zen Manuel Sagarnak. Inaugurazio egunean jokatu zuten pilotariak ez ditu gogoan orduko alkateak. Pilotalekua eraikitzea 330.040 euro kostatu zen. Pilotaleku berria herriko eskolaren ondoan dago gaur egun, baina ikastetxea pilotalekua eta gero eraiki zuten. Baina, Atari Soro pilotalekua ez zen hasieran zen bezala gelditu. Inauguratu eta  lau urtera, frontoiaren mendebaldeko aldean kristalera ipintzea erabaki baitzuten Aizarnazabalgo udal arduradunek. Bigarren faseko obrak 79.665 euro kostatu ziren. Hala, frontoia babestuago gelditu zen. Ordutik, pilotan jokatzeko bakarrik ez da erabili Atari Soro pilotalekua. Pilota jaialdiez gainera, herri bazkariak, sokatira txapelketak, bertso saioak eta harri-jasotze txapelketak ere egin dituzte bertan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide