Bidegorri berriaren inguruan 30 zuhaitz landare aldatuko dituzte bihar. (Nerea Uranga/Hitza)
Bihar Zuhaitz Eguna ospatuko dute Aizarnazabalen. Parte hartuko dutenak goizeko hamarretan elkartuko dira udaletxearen aurrean, eta handik denak oinez zuhaitzak landu behar dituzten tokiraino joango dira; hau da, bidegorri berrira.
Garai batean Zuhaitz Eguna ospatzen zuten Aizarnazabalen, baina azken urteetan alde batera utzita zuten. Aurten ohitura zaharra berreskuratzea erabaki du Aizarnazabalgo Udalak. «Urte asko dira Zuhaitz Egunik ez dela egin herrian, eta aurten hori berreskuratzea erabaki dugu», azaldu du Alvaro Villar Aizarnazabalgo alkateak.
Hogeita hamar zuhaitz landare aldatuko dituzte bihar papeleratik Etxabe auzora artean egindako bidegorriaren bueltan.
Hilabete batzuk dira bidegorri berria bukatu zutela eta martxan dagoela. Alkatearen esanetan, Etxabe auzoa herrigunearekin lotzeko egin zuten. Bizikletaz edo oinez ibiltzeko egin dute bidea. «Lehen Etxabe aldetik herrigunera etortzeko errepidetik ibili beharra zegoen, eta orain bidegorritik ibil daiteke». Bidegorria estreinatu zutenetik «jende dezentek» erabiltzen du.