Elkarteak lehenengo antzezlana duela bi urte estreinatu zuen: Ametsen fabrika. (Argazkia: Adiskide Bertso Elkartea)
Aizarnazabalgo Adiskide Bertso Elkarteak beste antzezlan bat prestatu du:
Martin Salabardo. Umeei zuzendutako lana sortu dute kideek, eta larunbatean estreinatuko dute, herrian bertan. Elkarteko hiru lagunek prestatu dute antzezlana. Mikel Aiertzak prestatu du gidoia, eta bera izango da antzezleetako bat, Igor Olabiderekin batera. Halaber, tekniko laguntzaile gisa Anjel Iruretagoiena izango dute.
Obrak Martin pertsonaiaren istorioa kontatzen du. «Martinek kolore grisa bakarrik ikusten du, tristura irudikatuz. Arrantzale batek salabardo misteriotsu batekin bidaiatzera bidaltzen du. Horri esker, munduan barrena ibiliko da, koloreak eta pertsonaia berriak ezagutuz», azaldu du Mikel Aiertzak. Honek adierazi du antzezlanekin bidez balio jakin batzuk hedatzen ahalegintzen direla, eta oraingoan generoen arteko berdintasuna sustatu nahi dute.
Ekimeneko sustatzaileak, bertso elkarteko kideak izanik, istorioa bertsoekin uztartuko dute, eta elkarrizketak modu horretara adieraziko dituzte. Halaber, istorioa aurrera doan einean eszenatokia aldatzen joango dira; dena den, antzezlaneko berezitasun nagusia da soinu eta efektu espezialak erabiliko dituztela; «errealitatera gerturatu nahi izan dugu honen bidez, eta taldearen pausu bat gehiago da». Izan ere, taldeak sortu duen bigarrengo antzezlana da
Martin Salabardo. Lehenengoa duela bi urte estreinatu zuten:
Ametsen fabrika. Ordutik 40 emanaldi inguru eskaini ditu elkarteak, Bertsozale Elkartearen Lanku katalogoaren bidez. Oraingo lanarekin ere asmo bera du taldeak, eta lehenengo emanaldia Aizarnazabalen egingo badute ere, inguruko herrietara zabaltzea dute helburu.
Larunbatean lehenengo obrak izan duen «arrakasta» errepikatzea espero du taldeak; «Aizarnazabalen, halako ekimenetan, 100 lagun inguru elkartzen dira», argitu du. 18:00etan izango da emanaldia, herriko eskolako soinketa gelan. Sarrera doakoa izango dute herritarrek.