Etxabe auzoa herrigunearekin lotzeko oinezkoentzako eta bizikletentzako bidea egiten ari da Aizarnazabalgo Udala. Bide berri honekin, Etxabeko bizilagunek aspalditik eskatzen zutenari erantzungo dio udalak.
Aizarnazabalgo lehen bidegorria da Etxabe auzoan eraikitzen ari direna, eta kilometro erdi inguruko luzera izango du. Behin bide hori bukatutakoan, oinez edo bizikletaz ibiltzeko aukera egongo da bertatik. «Oinez joateko Etxabe auzoa aparte samar gelditzen zela zioten bizilagunek, eta aspalditik oinezkoentzako bide bat egiteko eskatzen ari ziren. Bide berri honekin eskaera horri erantzun nahi zaio udaletik».
Joan den udaberrian Aizarnazabalgo Udaleko ordezkariek auzoz auzo batzarrak egin zituzten, auzoetako bizilagunen beharrak eta nahiak ezagutzeko. Aurki, datorren urterako udal aurrekontuen inguruan aritzeko beste bilera batzuetara deitzeko asmoa du.