Beste herri eta auzoetan bezala, sanpedroak ospatuko dituzte ekaina amaieran Elkano auzoan. Hain zuzen ere, ekainaren 28tik uztailaren 5era arte murgilduko da auzoa festetan, eta askotariko ekintzak izango dira bertan, besteak beste, parrillada, tortilla lehiaketa, kirol hitzorduak eta erromeriak.
Hilaren 28an, igandearekin, botako dute txupinazoa, 20:00etan, suziri eta kanpaiekin batera. Hurrengo egunean, astelehenez, patata tortilla lehiaketarekin emango diote hasiera San Pedro egunari, eta ondoren, Izer eta Alabier trikitilariak arduratuko dira auzoa girotzeaz. Eguerdian, berriz, paella jana egingo dute eta txartelak ekainaren 21ean izango dira salgai, auzoko elkartean, 11:00etatik 13:00etara. Helduen menuak 23 euro balio du, eta haurrenak, berriz, 10 euro.
Ospakizunekin jarraituz, uztailaren 3an parrillada egingo dute frontoian, eta ondoren, Indate DJaren saioak alaituko du auzoa. Larunbatean ere izango da otordurik: auzo afaria antolatu dute, eta txartelak hilaren 21ean eta 28an izango dira salgai, elkartean, 11:00etatik 13:00etara. Gainontzeko egunetan, Gazteategi tabernan ere eskuratu ahalko dira. Helduen menuak 30 euro balio du, eta haurrenak, 15 euro. Festak uztailaren 5ean agurtuko dituzte, eta horretarako, kirol probak eta erromeria antolatu dituzte.
Egitaraua
Ekainak 28, igandea
- 20:00. Txupinazoa, suziriekin eta kanpaiekin.
Ekainak 29, astelehena: San Pedro Eguna
- 11:00. Meza nagusia.
- Ondoren, tortilla patata lehiaketa bertsolariekin batera.
- Egun osoan zehar, Izer eta Alabier trikitilariak auzoa girotzen.
- 14:00. Paella jana. Txartelak ekainaren 21ean izango dira salgai, auzoko elkartean, 11:00etatik 13:00etara.
Uztailak 3, ostirala
- 17:30. Haurrentzako jolasak.
- 20:30. Parrillada, auzoko frontoian.
- 23:00. DJ Indate, goizalderarte.
Uztailak 4, larunbata
- 21:00. Auzo afaria. Txartelak ekainaren 21ean eta 28an izango dira salgai, auzoko elkartean, 11:00etatik 13:00etara. Gainontzeko egunetan, Gazteategi tabernan eskuratu ahalko dira.
- Ondoren, erromeria Ostolaza eta Larrañagaren eskutik.
Uztailak 5, igandea
- 11:00. Ospakizuna.
- 12:00. Gipuzkoako Bigarren Mailako Aizkolarien finala.
- 17:00. Infantilen esku pilota partida: Domingorena-Eizmendi eta Murua-Iturrioz bikoteak.
- Jarraian, Jokin eta Eneko Bidezabal anaien arteko desafioa.
- Egun osoan zehar, Izer eta Narbaiza trikitilariak auzoa girotzen.