Debagoieneko Leintz taldeak irabazi du Gipuzkoako Herriarteko Bertsolari Txapelketa. Atzo, larunbatez, jokatu zute finala Aiako probalekuan, eta Leintz eta Urretxu-Zumarraga taldea aritu ziren nor baino nor. Lan bikaina eginagatik, talde bateko kideek jantzi behar zituzten txapelak, eta epaimahaiak hala erabakita, Ane Zuazubiskarrek, Haizea Aranak, Oihana Aranak, Larraitz Trojaolak eta Olatz Zuazubiskarrek eskuratu zituzten. Txapeldunorde izan ziren, ostera, Mikel Iturriotz, Antton Fernandez, Manex Mantxola, Jon Mendizabal eta Leire Akizu.
Agur umoretsuak kantatuta ekin zioten bertsolariek saioari, eta lan puntuagarrietan aurrena ariketa librea izan zen. Haizea Aranak eta Manex Mantxolak umorez jardun zuten, ikus-entzuleei algara eraginez. Hamarreko txikian jardun zuten segidan Ane Zuazubiskar eta Mikel Iturriotzek, elkarrekin elkartzeko nahiko lan zuten bi lagunen paperetik. Ez ohiko ariketa izan zen hurrengoa; izan ere, talde bakoitzeko kide bati –Oihana Aranari eta Antton Fernandezi– hamabina errima eman zizkieten eta horiek zortziko txikiak hiru bertso kantatu behar izan zituzten.
Zortziko txikian ofizioka aritu ziren gero Haizea Arana eta Manex Mantxola, autobusean elkarren sakeleko telefonoaren pantailari begira ari ziren bi bidaiariren roletik; haien bertsoak oso txalotuak izan ziren. Puntuetan, berriz, Antton Fernandez izan zen lehena, eta Ane Zuazubiskarrek jardun zuen segidan. Eta bakarkako ariketak iritsi ziren berehala: "Ez zenuen espero gertatuko zenik, baina umorearen marra gorria pasa duzula esan dizute", gai hartuta jardun zuen Oihana Aranak. Mikel Iturriotzi, berriz, honako gai hau egokitu zitzaion: "Gonbidapena jaso zenuen orain dela bi hilabete; zalantza asko izan arren agertu egin zara".
Koplatan jardun zuten Haizea Aranak, Ane Zuazubiskarrek, Mikel Iturriotzek eta Manex Mantxolak: pisukideen paperetik jardun zuten bizitzako komeriez. Atzeko bertsolariei kantatzeko ariketa, aldiz, Antton Fernandezek egin zuen aurrena, irrati zozketa batean bidaia irabazita, norekin joan erabaki behar izan zuen. Gero, atzerketak gainditzeko bakoitzak zer trikimailu erabiltzen duen gai hartuta abestu zuen Haizea Aranak, irakaslearen paperetik. Ganbarako lana izan zen azken ariketa puntuagarria, eta puntuka jardun zuten honako gai hau oinarri hartuta: "Hemen ondoko Pagoeta parkean antolatzen den orientazio proban hartu duzue parte. Zuek hirurok elkarrekin beste taldearen kontra ari zarete lehiatzen. Nola ikusten zarete? Nola ikusten dituzue besteak?".
Horrenbestez, bukatu da hilabete hainbatetan eskualdez eskualde jokatu duten bertso txapelketa. Urola Kostako nahiz Urola Erdiko hainbat taldek ere parte hartu dute lehian, baina ez du lortu inork finalerako txartelik; atarian gelditu zen Azpeitiko Zaharrak Berri taldea, Leintz taldeak kanporatu baitzuen txapelketatik finalerdietan.
Poteoa, bertan behera
Finalaren aurretik, atzo eguerdian, bertso poteoa egitekoak ziren, baina hitzordua bertan behera utzi zuen Gipuzkoako Bertsozalea Elkarteak, Xenpelar bertso eskolako irakasle batek egindako erasoak salatzeko Errenterian deitua zegoen elkarretaratzea tarteko. Elkarteak bat egin zuen deialdiarekin eta salaketarekin, eta ondorioz, ez zuten egin poteorik.