Landarezaleek hitzordu garrantzitsua izango dute hilabete amaieran Aian, izan ere, hilaren 25ean eta 26an Landare Berezien 22. Azoka egingo dute Iturrarango parketxean. Ohi bezala, bertaratzen direnek mundu osoko landareak eta loreak ezagutzeko eta erosteko aukera izango dute.
Aurten Euskal Herriko, Frantziako eta Espainiako 51 mintegik parte hartuko dute, eta bakoitzari buruzko informazioa eskuragarri jarri dute online, esteka honetan.
Landare Berezien Azokaren lehenengo edizioa 2003. urtean ospatu zen, eta helburua Pagoeta Natura Parkea ezagutzera eman eta landare eta lore aukera zabal bat eskaintzea izan da beti, baratzetan, leihoetan eta lorategietan ezagutzen ez direnak, ingurumenarekin errespetuz jokatzen duen eskulangintzako jarduerak erabiliz bakarrik lortzen direnak.
Hori horrela, azokako ateak zabalik egongo dira 10:00etatik 18:00etara, eta sarrerak atarian bertan eskuratu ahalko dira sei euroan –12 urtera arte doan–. Sarrerak aldez aurretik erosiz gero, bost euroko prezioa izango dute. Horretarako, vivetix.com atari digitalera jo daiteke. Prezioaren barruan sartzen da joan-etorriko autobusaren txartela, eta erositako landareentzako kontsigna zerbitzua eta erosleak kotxea utzi duen aparkalekuko kontsignarainoko garraioa.
Horrez gain, azoka gunean txakurrak sar daitezkela esan dute antolatzaileek, baina lotuta eraman beharko dira eta erreparoz zaindu. Petsona bakoitzeko txakur bat baino gehiago ez da onartua izango.
Garraio zerbitzu bereziak
Beti bezala, autobus zerbitzu bereziak jarriko dituzte herritarrak azokara iristeko. Aiako herrigunetik eta Txurrukatik aterako dira autobusak, eta autoak bi gune horietan jarriko dituzten aparkalekuetan utzi ahalko dira. Lehendabiziko autobusa 9:15etan aterako da, eta azkenekoa, 16:45etan. Azoka gunetik aparkalekuetara joango den azken autobusa, berriz, 18:15etan aterako da.
Bidaia trenez egiten dutenentzat, Zarauzko Euskotren tren geltokitik (San Pelaioko geralekua) autobus zerbitzua egongo da azoka gunera. Autobus geltokia suhiltzaileen biribilgunean kokatuko da, zehazki. Lehendabizikoa 09:30ean aterako da Zarauztik azoka gunera, eta 14:30ak bitartean orduerdiero izango da; handik aurrera, orduro egongo da, azkena 16:30ean.
Alderantzizko noranzkoan, berriz, azoka gunetik Zarautzerako itzulerako lehendabiziko autobusa 10:45etan izango da. 14:45ak bitartean orduerdiero izango da, eta gero orduero; azkena, 18:15etan.
Gaztetxoentzako tailerrak
Gukaren eskutik, haurrentzako tailer bana eskainiko dute aurten. Horretarako, haziekin eta haurrekin ekintza berezi bat planteatu du Gukak. Egunero egunkaria banatzen denez, egunkari mordo bat pilatzen da, eta hauei bigarren bizi bat eman nahian, egunkari hauek loreontzi txiki bihurtuko dituzte, eta ondoren, haziak landatu bertan.
Lehenengo saioa hilaren 25ean egingo dute, larunbatarekin, 17:00etatik 18:00etara Aiako Kultur Etxean. Bigarrena, aldiz, igandean izango da, 11:00etatik 12:00etara Iturraran Parketxean.
Tailerrak doakoak izango dira eta parte hartzeko, aurretik izena eman beharko da 943-83 53 89 zenbakira deituta ala iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita.