Musikaz beteak izango dira igandea eta astelehena Aristerrazun

Intza Trula 2026ko apirilaren 3a

Hainbat lagun dantzan, Aristerrazuko erromerian. (Utzitakoa)

Jai eguna dela baliatuz, igandean ez ezik, astelehenean ere erromeria izango da Aristerrazun. Egun bakoitzerako bi dantzaldi antolatu dituzte.

Erromeriaz blai egongo da igandean eta astelehenean Aristerrazuko plaza, Aste Santuko jai egunak baliatuz. Izan ere, bi egunetan izango da musika bertan, eta, gainera, bakoitzerako bi dantzaldi prestatu dituzte.

Hori hala, igandeko lehen saioan Daniel Oiarbide eta Peio Urdangarin igoko dira oholtzara. Jarraian, Iker Sukiak, Aritz Markinezek eta Aratz Izetak eskainiko dute kontzertua. Astelehenean, berriz, Imanol eta Leire Astiasaranek girotuko dute plaza, eta jarraian izango dira oholtzan Ostolaza eta Larrañaga.

Ordutegiari dagokionez, ohikoa izango da: hau da, 18:00etatik 21:00etara izango dira dantzaldiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide