Correosen Citypaq zerbitzua jarri dute martxan Aiako Udalak eta Lur Alkartasuna kooperatibak

Onintza Lete Arrieta 2026ko martxoaren 19a

Jon Ander Azpiroz alkatea (eskuinean) eta Lur Alkartasuna kooperatibako ordezkaria, zerbitzu berriaren aurrean. (Aiako Udala)

Aiako Udalaren esanetan, "zerbitzu honek aukera emango du inguruko herrietako komertzioetan egindako erosketak Aian bertan jasotzeko". 

Correosen Citypaq zerbitzua jarri dute martxan Aiako Udalak eta Lur Alkartasuna kooperatibak herrian, kooperatibaren kanpoaldean –Super BM saltokia–. Zerbitzu berriaren bidez, herritarrek online egindako erosketak jaso ahal izango dituzte, eta paketeen itzulketak egiteko aukera ere izango dute.

Udalak azaldu duenez, orain arte Lur Alkartasuna kooperatiba izan da herrian paketeak jasotzeko gune nagusia, eta bertako langileek hartu izan dute ardura hori. Sistema berriarekin, kudeaketa modu automatikoan egingo da, langileen "eguneroko lan-karga eta ardura arinduz".

Helburua herritarrei erosketak kudeatzeko aukera gehiago eskaintzea dela esan du udalak: "Aia bezalako herri txikietan merkataritza eskaintza mugatua da, eta zerbitzu honek aukera emango du inguruko herrietako komertzioetan egindako erosketak Aian bertan jasotzeko". 

Gainera, udalak esan du sistema berriak paketeak jasotzeko eta itzultzeko malgutasun handiagoa eskaintzen duela, herritarrek bidalketak nahi duten unean kudeatzeko aukera izan dezaten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide