220 lagunek haritz bana landatu dute gaur Aiako lurretan, Basotik fundazioak antolatutako Desioen Basoa ekitaldian. 55 pertsonako lau taldetan banatuta egin dituzte landaketak, eta aurreneko taldearekin parte hartu dute Jon Ander Azpiroz Aiako alkateak eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berdeko foru diputatuak, baita Ainara Muga Real Sociedad fundazioko ordezkariak eta Aintzane Encinas Realaren ordezkari eta futbolari ohiak ere. Izan ere, Gipuzkoako futbol klubaren laguntza izan du gaurko egitasmoak.
Zuhaitzak landatu aurretik, Ubegun industrialdean elkartu dira denak. Hainbat karpa jarri dituzte han, eta umeek marrazteko aukera izan dute, baita txapak egitekoa ere. Helduen laguntzarekin, galdera-erantzun joko bat ere egin ahal izan dute, landareei buruzkoa, eta erantzun guztiak asmatu dituztenen artean Realak bi lagunentzat sarrera zozkatuko du gizonezkoen lehen taldea ikustera joateko Anoetara, horrek Levanteren aurka jokatuko duen partidara.
Landaketaren ordua iritsi denean, Aiako alkatea buru zela abiatu da aurreneko taldea industrialdetik haritzak landatu beharrako eremurantz, Olaskoegia auzoan Amasportu baserrikoek duten sei hektareako lursail maldatsura. Baserri parean egin dute geldialdia, han Basotik fundazioko Jon Ander Ostolaza kudeatzailearen azalpeak adi-adi entzuteko. Azkenik, paperean desioa idatzi, haritza eta atxurra hartu, eta nork bere zuhaitza landatu du.
Industrialdera itzuli dira jarraian, eta han, nahi zuenak doan haragi pintxoa jateko eta sagardoa nahiz ura edateko aukera izan du.
Landa lurrak zaintzearen garrantzia
Azpirozek nabarmendu du Basotik fundazioaren helburua dela gizartea sentsibilizatzea landa lurrak zaintzearen garrantziaz. "Oso toki ederrean bizi gara, baina edertasun hori daukagu norbaitek 365 egunetan zaintzen duelako, basoa eta ingurunea ezin direlako abandonatuta utzi", azpimarratu du.
Hain zuzen, Amaxportu baserrikoek ganadua eduki izan dute larre horretan, baina azienda kentzea erabaki zuten, eta tokiari aprobetxamendurik eman behar ez ziotenez, hori Basotik fundazioari uztea erabaki zuten, eta erakundeak, tokia aztertu ondoren, erabaki zuen haritzak landatzea, etorkizunean hariztia izan dadin. Baserriko bi kide ere izan dira gaurko landaketan.