Aiako Udalak eta herriko eragileek elkarlanean antolatutako Gabonetako egitarauaren barruan, gaztetxoek sukaldaritza tailerraz gozatu zuten atzo arratsaldean. Elkano jatetxeko sukaldari Koldo Manterolaren gidaritzapean, errezeta goxo-goxoak egin zituzten Alkar elkarteko sukaldean.
Hala, taldeko helduenak sukaldean aritu ziren krispetak, urtutako txokolatea edota olioan frijitutako olatak egiten. Ondoren, txikienek osagaiak hartu eta txokolatez apaindutako opiltxoak egin zituzten. Tailerraren ostean, sukaldari gaztetxoek beraien sorkuntzak dastatzeko aukera izan zuten familiartekoekin batera.