Aiako Tale Feministak deituta, elkarretaratze jendetsua egin dute gaur iluntzean herriko plazan, Aian gertatutako azken bi sexu erasoak salatzeko asmoarekin.
Hain zuzen ere, duela bi egun Ertzaintzak 25 urteko gizon bat atxilotu zuen Aian, adin txikiko neska bati sexu erasoa egitea leporatuta. Bestalde, duela astebete, Iturriotz-Azpi adingabeen zentroko hezitzaile bati ere hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak, zentro horretako neska bati sexu erasoak egiteagatik.
Aiako Talde Feministak irmoki salatu ditu bi gertakari hauek gaurko elkarretaratzean, eta halaber, taldeko kideek argi azpimarratu dute "nazkatuta" daudela "erasotuak izateaz, kontuz ibili beharraz, beldurrez bizitzeaz, zaindu behar gaituenaz ezin fidatu izanaz, ez sinisteaz, minaz, eta egunero jasaten dugun indarkeriaz", zehazki.
Hori ez ezik, "betidanik jasan dugun patriarkatuari eta gazteen artean indartzen ari diren korronte neomatxistei autodefentsa feministarekin" erantzungo diotela azpimarratu dute.