Aiako Emakume Taldeak elkarretaratzera deitu du biharko, herriko azken bi sexu erasoak salatzeko helburuarekin. Izan ere, Ertzaintzak gaur jakitera eman duenez, 25 urteko gizon bat atxilotu dute Aian adin txikiko neska bati sexu erasoa egitea leporatuta. Segurtasun Sailak zehaztu duenez, atzo, asteazkena, adin txiko neska bat harremanetarako aplikazio baten bidez ezagututako gizon batekin elkartu zen, Donostian. Ondoren, ibilgailu batean gizonaren Aiako etxera joan ziren, eta bertan, gero salatu zuenez, biktimari sexu erasoa egin zion.
Bestalde, duela astebete, Aiako Iturriotz-Azpi adingabeen zentroko hezitzaile bati hiru urteko espetxe zigorra ezarri zion Gipuzkoako Auzitegiko Lehen Atalak, zentro horretako neska bati sexu erasoak egiteagatik. Epaiaren arabera, hezitzaileak 2019 eta 2022 bitartean egin zizkion sexu erasoak, eta zenbait aldiz lagundu zion adingabeen zentrotik ihes egiten, eta bi alditan, ihes egin eta gero, neskak hezitzailearen etxean lo egin zuen.
Hala, bi sexu eraso horiek salatzeko asmoarekin, bihar iluntzean elkartuko dira herriko plazan, 19:30ean, Nazkatuta gaude! Erasorik ez, erantzunik gabe! lelopean.