Udal sustapeneko bost etxebizitza egingo ditu Aia Lantzenek Santio Errekan

Onintza Lete Arrieta 2025eko abenduaren 4a

Santio Erreka auzoan, Arrazubi-berrin Aia Lantzenek eraikiko dituen etxebizitzen irudi birtuala. (Aia Lantzen)

Etxebizitzak 55 metro koadro ingurukoak izango dira, bi logelakoak, eta 198.000-200.000 euro balioko dute (prezio horri zergak gehitu beharko zaizkio). Interesa dutenek baldintza zehatzak bete beharko dituzte, eta izena emateko epea abenduaren 26an amaituko da. Etxebizitzak zozketa bidez esleituko dituzte.

Aia Lantzenek udal sustapeneko bost etxebizitza egingo ditu Santio Erreka auzoan, Arrazubi-berrin. Izena emateko epea zabalik dago abenduaren 26ra arte, egun hori barne, eta eskaerak Aiako udaletxean aurkeztu beharko dira. Ondoren, baldintzak betetzen dituzten interesdunen artean zozketa egingo da. Zozketa horretan zerrenda bat osatuko da, eta zerrenda horren arabera hasiko dira banan-banan etxebitzitza aukeratzen.

Txosteneko datuen arabera, 55 metro koadro inguruko etxebizitzak egingo dituzte, bi logela eta komun batekoak, eta 200.000 euro inguru balioko dute (horri zergak gehitu beharko zaizkio).

Interesa dutenek hainbat baldintza bete beharko dituzte. Batetik, beharrezkoa izango da Aiako udalerrian erroldatuta egitea gutxienez azken hamar urtez jarraian, edo azken hamabost urteetan, banatuta. Azken data, 2025-12-04 izango da;  hau da, egun horretan biztanle erroldan alta emanda egon beharko du.

Baldintza ekonomikoak ere ezarri ditu udalak: urteko gutxieneko irabaziak 15.000 eurokoak izan beharko dute, eta gehienezkoak, 60.000 eurokoak. Horrez gain, ezingo da etxebizitzarik eduki jabetzan edota BOE-ko araudiak ezartzen dituen beste kontzeptutan 2025eko azaroaren 27ko datan, ez eta geroztik ere, babes ofizialeko etxebizitzetako araudian ezarritako salbuespenak ezik. Baldintza hau salerosketa eskriturak sinatze egunera arte luzatuko dela jakinarazi dute.

Etxebizitzen ezaugarriak eta prezioak

Baldintzen zerrenda osoa, izena emateko orria, etxebizitzen planoak eta gainerako informazioa esteka honetan dago eskuragarri.

Bost etxebizitzen ezaugarri zehatz batzuk ere jakinarazi ditu Aia Lantzenek. Antzeko tamaina izango dute denek, hau da, 56 metro koadro inguru guztira, 10 metro koadroko balkoiarekin, eta 3,2 metro koadro inguruko trastelekuarekin.

Prezioak 198.000-200.000 artekoak izango dira, eta horri zergak gehitu beharko zaizkio. 

Aia Lantzenek egingo dituen etxebizitzetako baten barneko irudi birtuala. (Aia Lantzen)

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide