Lurraldebusen zerbitzua zabaldu dute Aian, "bizilagunek Oriorekin duten konexioa hobetzeko"

Julene Sorarrain 2025eko azaroaren 13a

Artxiboko irudian, Lurraldebuseko autobus bat.

Azahara Dominguez Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako diputatuak jakinarazi duenez, datorren astelehenetik aurrera espedizio gehiago izango dira, eta, beraz, Aiatik Oriora autobusez iristea "errazagoa eta erosoagoa" izango da herritarrentzat.

Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako Departamentuak zabaldu egingo du Lurraldebusek Aian ematen duen zerbitzua, besteak beste, udalerri horretako bizilagunek Oriorekin "konexio hobea" izan dezaten eta, "garraio publikoko beste operadore batzuekin transbordatzeko erraztasun handiagoak" izan ditzaten. Hala adierazi du Azahara Dominguez diputatuak, eta zehaztu du hobekuntza horiek Jon Ander Azpiroz Aiako alkatearekin elkarlanean egin direla.

Diputatuak jakinarazi duenez, azaroaren 17tik aurrera, UK08 lineak (Zarautz>Aia>Orio) espedizio gehiago izango ditu asteko egun guztietan, "herritarrek Oriorekin hobeto konektatzeko eta Euskotrenekin transbordatzeko aukera izan dezaten", hain zuzen.

Zehaztu dutenez, astelehenetik ostiralera, norabide bakoitzean zortzi espedizio izatetik hamabi izatera igaroko da: 06:35, 08:20, 09:20, 10:50, 11:50, 12:50, 15:20, 16:20, 17:20, 18:50, 19:50 eta 20:50ean egongo da zerbitzua Oriorako bidean. Kontrako norabidean, honakoak izango dira zerbitzuak: 07:00, 08:50, 10:20, 11:20, 12:20, 13:20, 15:50, 16:50, 18:20, 19:20 eta 20:20.

Bestalde, larunbatean zerbitzua bi ordutik behin ematetik, 08:45, 09:45, 11:45, 12:45, 16:45, 17:45, 18:45, 20:45, 21:45 eta 22:45ean ematera igaroko da Aiatik; Oriotik, aldiz, 09:20, 11:20, 12:20, 17:20, 18:20, 20:20, 21:20 eta 22:20an emango dute zerbitzua.

Azkenik, igandean bost espedizio egingo dira Oriorako noranzkoan: 09:45, 11:45, 12:45,16: 45, 17:45, 18:45 eta 20:45; eta Oriotik itzultzeko autobusak 10:20, 12:20, 13:20, 17:20, 18:20 eta 20:20an izango dira.

"Udalak jakinarazi digu Aia eta Orio lotzeko beharra dagoela, eta dauden aukerak aztertu ondoren, uste dugu aldaketa horiekin zerbitzu hobea eta Aiako herritarren benetako beharretara egokituagoa eskaintzen dugula", nabarmendu du Dominguezek.

Bestalde, Aiako alkate Jon Ander Azpirozek ordutegi aldaketa hau ez dela "bat-bateko erabakia" izan argitu du, "herritarrekin egindako lanketa luze baten emaitza" baizik. "Aspaldi hasitako prozesua izan da, eta bidean lan handia egin dugu denon artean. Horri esker, Aldundiarekin elkarlanean Aiarentzat hain beharrezkoa zen urratsa eman ahal izan dugu". Halaber, Oriora jaitsiko diren autobusak trenaren ordutegiekin eta ospitalera doazen autobusekin koordinatuta egongo direla azaldu du alkateak; eta Batxilergoko ikasleen joan-etorriek ere ohiko moduan bermatuta jarraituko dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide